• 13
    MAR
    2013
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Lehen zatian nahikoa eutsi bazion ere, bigarren zatian partidua eskuetatik joan zitzaion herriko taldeari, 8-4ko batekin amaituz.

    Sailkapeneko lehenaren aurka jokatzea beti izan ohi da zaila edozein talderentzat. Sailkapenean 20 puntu ateratzen badizkizu, partidura jende gutxirekin joaten bazara eta gainera taldekide batek partiduaren zati bat, erdi lesionatuta jokatzen badu zer esanik ez.

    Hala ere zaldibitarrak batere konplexurik gabe irten ziren Lasarte-Oriako udal kiroldegiko kantxara. Lasartearrek antza denez, ez zuten halakorik espero eta Tellatuberriko mutilek sortutako hiruzpalau gol aukera bikainez ezustean harrapatuak izan ziren. Pibotera baloia bikain sartu eta albokoen barneraketa bikainak ordea ez zuten sareetarako bidea hartu tamalez. Ventanas I.S.U taldeak aldiz izan zuen lehen aukeran, gola sartu zuen, jaurtiketa arraso batean, zurtoinaren ondotik baloia sareetara bidali baitzuten. 1-0.  Zaldibitarrek hala ere ez zuten etsi, minutu asko pasatzerako, baloi luze batean, Eneko Aristi "Bixuk" lasartearren atezainarekin izandako borroka batean baloia sareetan jarri zuen. 1-1. Lehen zatia horrela bukatuko zela zirudienean, Ventanas I.S.U taldeak berriro ere markagailuan aurre hartzea lortu zuen lehenengoaren antzeko gol batekin. 2-1.

    Bigarren zatirako, ahalik eta denbora gehiena, markagailuari emaitza berdinarekin eustearen garrantziaz hitz egin zuten Tellatuberriko mutilek, partida bukaera aldera, jokoa pixka bat nahastu eta ahal bazen punturen bat lortzen saiatzeko. Asmoa ona zen, baina ez zuen gehiegi iraun, bigarren zatia hasi eta berehala, gol bat ez, lasartearrek bi gol sartzea lortu baitzuten. 4-1. Tellatuberriko mutilek ez zuten etsi. Beraien estiloari fidelak izaten jarraituz erasoan jarraitzen saiatu baitziren. Hala, Julen Marijuanen pase luze bat, Iker Irastorza "Txikik", bote lasterrez jo eta sekulako gola sartzeko baliatu baitzuen. 4-2. Ventanas I.S.U taldea, jakitun zen, zaldibitarrak ez direla etsitzen duten taldea, hori dela eta erasoan jarraitu zuten gol gehiagoen bila. Bigarren zatiaren erdialderako, bi taldeen artean diferentzia nabarmena zegoen fisiko aldetik eta herriko mutilak buruarekin baino gehiago, bihotzarekin ari ziren jokatzen. Gazteleraz esaten den bezala, partidua “toma y daca” batean sartu zen. Bukaerarako 5-10 minutu geratzen zirenean, markagailuak 6-4ko emaitza adierazten zuen, zaldibitarren golak, Josu Irazustabarrena "Otseitzak" eta Hodei Irastorza "Berdilarik" sartu zituzten. Hortik partidu bukaerara Ventanas I.S.Uk beste bi gol sartu zituen, markagailuak bukeran adieraziko zuen 8-4koa ezartzeko.

    Tellatuberriko mutilak jakitun ziren arren, oso zaila izango zela Lasarten zerbait positiboa lortzea, aho zapore garratzaz bueltatu ziren Zaldibira, bi ordezko baino gehiagorekin joan izan balira, oraindik gerra gehiago emango zuten ustearekin bai behintzat. Aho zapore hori gozatzeko, taldekideek bazkari eder bat egin zuten Zubita baserrian, bertan dauden sagardoak probatu aitzakian, nahikoa luzatu zen bazkaria egiari zor.

    Sailkapenean postu bat behera egin du taldeak, orain 4. postuan aurkitzen da. Datorren astebukaeran ere, ez du nolanahiko aurkaria izango Tellatuberrik. Zaldibira, Hernaniko Horbel Taberna taldeak egingo baitu bixita. Aurreko urteko liga txapeldunak alegia. Partidua larunbatean, hilaren 16an, arratsaldeko 15.45etan izango da Zaldibiko Resti pilotalekuan. Gustu baduzue ordura arte, bestela web gune honetan izango duzue taldearen berri datorren astean.