• 19
    MAI
    2012
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Denboraldiko helburua lortu du herriko taldeak, play-off-etarako sailkatuz. Larunbatean jokatuko dute semifinala Oiartzunen, eta deialdi berezia luzatu dute herritarren babesa eta animoak eskatuz.

    Gipuzkoako 1. mailan jokatzen du herriko areto futbol taldeak, hamalau talde izan dira aurten liga horretan indarrak neurtu dituztenak, eta Tellatuberrik bere helburua lortu du laugarren sailkatuz, play-off deituriko azken fasean sartzea.

    Denboraldia luze joan da, hasieran martxa hartzea kosta zitzaien Ordozgoitiren mutilei, lehen zortzi jardunaldietan, hiru partidu irabazi, beste hiru galdu eta bi berdinketa lortuz.

    Denboraldia aurrera joan ahala momentu onena aurkitu zuten, eta bederatzi partidu segidan galdu gabe egon ziren, hauetatik zortzi irabazi eta bakarra berdinduz.

    Azken txanpa ordea gogorra joan da, talde onenen aurka jokatzea ere tokatu zaie eta larri ibili dira, play-off postuei eusteko, azkenean uste baino errazago lortu duten arren, batez ere aurkarien emaitza txarrek lagundurik.

    Laburpen bat egiten badugu, denboraldi erregularra burutu dute zaldibitarrek, erdi partean izandako txanpa on horrek asko lagundu dietelarik.

    Liga erregularra amaiturik, larunbatean jokatuko dute dena Oiartzunen. Zaldibitarrak laugarrenak izanik, lehen sailkatuaren aurka jokatzea egokitzen zaie, eta kantxa faktorea aurka dutelarik. Esan bezala, larunbatean 18:30tan jokatuko dute denboraldiko partidu garrantzitsuena, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian. Herritarren babesa eskatu dute, jarri dituzten kartelekin, eta jende piskat bertaratuko delakoan dira.

    Honaino iristea zuten helburu eta behin hau lortuta, azken pausoa ematea ere polita izango zen oso. Partidu zaila izango da, baina amestea ez da pekatu.

    Sailkapena ikusteko banerra
    TELLATUBERRI iragarkia

    Boletina

    ZaldibiaTB