• 25
    MAI
    2012
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Ligako lehen sailkatuaren aurka, finalerdian 5-2 galduta itxi dute denboraldia zaldibitarrek.

    Finalerdietan bukatu da Tellatuberriren ibilbidea
    Aurreko larunbateko finalerdiko argazkia

    Taldekideek lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkie Oiartzunera hurbildu ziren zaleei eta baita urte guztian taldea jarraitu dutenei ere.

    Taldekideongan ilusio ikaragarria sortu zuen partidu honek eta ilusioz beterik joan ginen Oiartzun aldera, orain bi urte lortu ez genuen finalerako txartelaren bila. Beroketarako kantxaratu bezain laster konturatu ginen Zaldibi aldetik jende asko bertaratu zela eta kasik etxean jokatzea bezela izango zela.


    Partidua oiartzuarren baloi jabetza nahiko nabarmenarekin hasi zen eta herriko mutilek defentsan lan andana egin beharrean suertatu ziren eta Orkatzek ere gelditu nabarmenenen bat egin behar izan zuen. Zaldibitarrek sortutako gol aukera apurrak berriz, gelditu ederrekin erantzuten zituen Oiartzungo atezainak. Hala 20. minutu ingururako Oiartzun K.E. 3-0 irabazten zihoan. Herriko mutilak berriz, elkarrekin erdi haserreturik eta amorruz beteta. Atsedenaldi aurretik aldea murriztea lortu zuten Mikel Ganzarainen bidez, pibotera pase eder bat sartu eta buelta erdiaz egindako jaurtiketa batekin. 3-1 jarri zen partida.


    Bigarren zatia, aurtengo denboraldian gehiagotan gertatu den bezela, lehen zatian ia ezer ondo egin gabe eta elkarrekin haserretu ondoren, herriko mutilena izan zen hasierako momentuetan. Oiartzuarrak ziren kasu honetan defentsan gogor ari zirenak baina lehen zatiarekin alderatuz Tellatuberrik ez zuen golik sartzea lortzen. Hala 15. Minutu inguruan  penaltia pitatu zuten herrikoen alde, Mikel Ganzaraini egindakoa, baina tamalez Julen Marijuanen jaurtiketa egokia, hanka puntarekin geratu zuen zurtoinaren ondoan Oiartzungo atezainak, egiten ari zen partidu handiari  ginda jarriz.  Pixkanaka partidua lehen zatian bezela, Oiartzun K.E.ak nahi zuen erara jokatzen hasi zen eta beste bi gol egitea lortu zuen 5-1ekoa markagailura igoaraziz. Bukaerako minutuetan Josu Irazustabarrenak Tellatuberriren bigarren gola egitea lortu zuen eta hala bukatu zen partidua, 5-2ko batekin.


    Hasierako bostekoa: 1 Orkatz Gorrotxategi; 6 Joxean Ganzarain ; 7 Eneko Aristi “Bixu” ,  8 Josu Irazustabarrena (1);  9 Mikel Ganzarain (1) Gainerakoak: 2 Julen Marijuan, 3 Ugaitz Garmendia, 10 Iñaki Ganzarain, 12 Beñat Iruin, 14 Alex Sukia eta 46 Iñigo Garmendia; Entrenatzailea: Jon Ordozgoiti. Delegatua: Iker Irastorza “Txiki”.

    Momentuan pena hartu arren, irabazi ala galdu gure taldeak duen nortasunaren seinale, futbol talde bat baino gehiago lagun talde bat izatearena alegia, partidu ondorengo tragoak hotzean pentsatzeko parada eman zigun eta futbolaren aitzakian izaten dugun giroak, egiten ditugun poteo, afari eta juergak partidu garrantzitsu bateko porrotak baino gehiago balio duela. Datorren urtean ere finalerdietan erortzea firmatuko genukeela edo play offetan ez sartzea bera ere bai, giro hori mantentzearen truk.


    Egunari bukaera emateko, Arrese jatetxean afari ederra egin eta Beasain aldera jo zuten Tellatuberri Zaldibi areto futbol taldea osatzen dutenek goizalderarte parranda egin asmotan.


    Denboraldiari bukaera emateko, azken urtetan ohikoa bihurtu den eran, Ataungo Aizkoate elkartean egingo dugu bazkaria larunbat honetan, Axier Etxeberriak urtero-urtero bezela prestatuko duelarik. Ondo bagara irail aldean berriro izango duzue gure berri web gune honetan, datorren denboraldiaren berri emateko. Gusto badezue ordurarte.