• 27
    API
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Ez ezetz da! Justizia!

    Norberak bere azalean bizi arte nekeza da ulertzen gauez, etxerako bidean, egunero zeharkatzen duzun parkean, betiko espaloi estuan, autoan, parrandan… isiltasunean edota jendartean murgilduta beldurra eta bakardadea senti daitezkeenik.

    Nik beldurra pasa dut! Emakume* izate hutsagatik izan dut beldurra! Horregatik, ez diot ene buruari izutzen utzi nahi izaten, nireak ere badirelako gauak, nirea ere badelako bakarrik eta lasai ibiltzeko eskubidea.
    Izua sentitu behar dudala erakutsi didate. Erakusten ari zaizkit! Iruñako sententzia da horren adibide garbia. San Fermiñetan gertatua ez dela bortxaketa izan diote magistratuek, abusua izan dela, indarkeria fisikorik ez dela egon… Gizarteak ulertu ezin duen sententzia izan da. Hirietan, herrietan, auzoetan,… batu gara sententziaren kontra. “Bortxaketa izan da, ez abusua” oihukatuz. Beste behin ere agerian geratu da erasotzaileen inpunitatea eta patriarkatuaren indarra.

    Beldurrez ibiltzen erakutsi nahi ziguten, beldurrez ibiltzen uzteko ordua dela esan nahi diegu ordea!

    ASKE izateko ordua da!