• 27
    AZA
    2019
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Errepara diezaiegun erraiei. Erraiak. Errai odoltsuak. Errai handiak. Puztuak. Minduak. Tirita eske dabiltzan erraiak, mimoen beharra dutenak. Errai indartsuak. Zureak eta nireak. Gureak.

    Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

    Emakumeon aurkako zenbat erailketa? Zenbat eraso? Sanferminetan hasita herriko jai guztietan, parrandetan, dantzalekuetan, kalean, lantokietan… eremu guztietan, emakumeok erasoak pairatzen ditugu.


    Gure inguruan, egunerokotasunean, horrelako erasorik ez dela izaten esaten zaigun arren, hauen adibide dira gaur irakurritako testigantzak. Zaldibiako hainbat herritarrek barnean iltzatuta zituzten eta gurekin partekatu dituzten pasarte hauei ikusgarritasuna eman nahi izan diegu, herrian plazaratu nahi izan ditugu. Hemen eta orain ez dela berdintasunik ikusten eta ulertzen ez duenari begiak zabaltzeko eskatuz.


    Emakumeon* gorputzek gudu zelai izateari uzteko, guztion erantzunkizuna behar-beharrezkoa da: norbanako bakoitzak ematen dituen urrats txikietatik hasita, lege ekimen eta estatu politiketaraino. Betiere praktika eraldatzaileetan sakonduz, diskurtso faltsuekin apurtuz eta “berdintasunaren aldeko” literatura benetan aplikatuz. Barnetik hasita.


    Errepara diezaiegun erraiei. Erraiak. Errai odoltsuak. Errai handiak. Puztuak. Minduak. Tirita eske dabiltzan erraiak, mimoen beharra dutenak. Errai indartsuak. Zureak eta nireak. Gureak. Gure minak, gure zauriak, gure gorputzak, gure odola, gure bizitza, gure osatzea, gure erantzuna, gure borroka, gure indarra... Atera ditzagun azalera! Heldu da berriz ere, egutegiko orrietan garrantzia izan beharko ez lukeen eguna! Baina, kaleak, gauak, jaiak… emakumeonak direla aldarrikatzeak ez gaitu inoiz nekatuko, geureak direla eta gure gorputz eta bizitzen jabe ere bagarela.


    Hau ozen aldarrikatzeko ez diogu inori baimenik eskatu behar, baina argi dago haserrea zerbaitegatik dela eta erantzukizun maila desberdinak daudela egunerokoa eta egiturazkoa den emakumeon aurkako indarkeriaren aurrean. Gaur egun, oraindik, jasaten dugun bortizkeria gure gain jartzen dela ukaezina da. Gogorarazten zaigu ez genukeela zenbait tokietatik ibili behar, ezta orduren batean kalean egon behar edo hainbat pertsonekin harremandu behar. Gure askatasuna mugatzen dute, modu sotilean, eta eremu “seguru” batean baztertzen gaituzte.


    Honen aurrean guk  BAI ESATEN DIOGU INDARKERIA SEXISTARIK GABEKO GIZARTEA ERAIKITZEARI!
    Guztiok ASKE izan arte!

Boletina

ZaldibiaTB