• 19
    MAR
    2014
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Larunbatean Argi Berri sariketan kantatuko du, Ordizian. "Entzulearengan sentsazio ona utzi nahi dut". "Zaldibitik ere jendea joango denez, eurengatik dena ematen ahaleginduko naiz".

    Elkarrizketa: Aitor Irastorza

    Bertsolaritza modan dagoen garai honetan, zu zara Zaldibian jaio  den azken bertsolaria; eskolarteko txapelketan parte hartu duzu, eta aurten Osinalde sariketarako jauzia emango duzu.


    -Noiz hasi zinen bertsolaritzarekin identifikatua sentitzen?

    Berezko zerbait izan zela esango nuke, etxean bultzatu edo irakatsi gabeko zerbait. Eskolan 5 eta 6.mailan Bixente Gorostidirekin jakin nuen lehen aldiz zer zen bertsoa, zer ziren bertsolariak,… Ordurarte etxean inoiz entzungo nuen horren inguruan, baina hartara ohartu gabe nengoen edo arreta handiegirik jarri gabe. Pixkanaka, Ustaritz eta Jon lehengusuak bidelagun, bertso saiotara joaten hasi nintzen eta bertsozale “bihurtzen”. 12 urterekin edo, futbola edo pilotaren pare ikusten nuen bertsolaritza, hitzaren kirola.

    -Bide naturala dela esan liteke, baina noiz pasa zinen gustuko izatetik, bertsoak sortzera?

    6.mailaren ostean, Zaldibian taldea sortzeko nahiko jende bildu ginen. Denetara, 4 urte eman nituen ikasle moduan. Lehen bi urteetan, bertsoak paperean idazten genituen, bertsoa nola sortu ikasiz, errimak jarriz, doinuak ikasiz,… Momentu batean, baina, aspertzen ari nintzela konturatu nintzen. Telebistan bertsolariak paper gabe ikusten nituen eta nik ere hala kantatu nahi nuen. Orduan, kultur etxeko beste gela batera joaten nintzen eta koplak bat-batean kantatzen jardun. Gerora, zortziko txikian ausartu nintzen … eta honela.

    -Eta bertso eskola lagungarri izango zenuela pentsatzen dut, non ibili zara?

    Oso lagungarri, ezinbesteko. Lagun berriak egiteko aukera eman dit, bizipen ezberdinak bizitzeko, bertsolaritzaren nondik norakoak ikasteko eta beste mila gauza. Goierriko Bertso Eskolan ibili naiz lehengo urtera arte. Lehendabizi, 4 urte Zaldibiko taldean egin nituen Bianditz Iraola, Altzo Txiki eta Joxi Irastorza irakasle zirela eta ostean, beste bi urte Ordizian, Endika Igartzabal maisu. Orain, Bilbon ematen dut astea eta Santutxuko Bertso Eskolan nabil; ostegunero biltzen gara eta esperientzia ezin hobea izaten ari da.

    - Bertso eskolako irakasle ere bazabiltza?

    Bai. Zaldibian ostiral iluntzetan biltzen gara. Une hauetan 7 umerekin ibiltzen naiz bertsoaren saltsan. Bertso zaharrak entzun, doinu berriak ikasi, errimekin jolastu, bertsoak egin,… gustura ibiltzen naiz saltsa horretan! Gainera, hurrengo ikasturtera begira zerotik hasiko den beste talde bat sortu asmotan gabiltza. Ea taldea sortzeko aukera dagoen!

    -Azken urteetan eskolarteko txapelketan kantatu duzu, zer moduz joan zaizu?

    Bi aldiz parte hartu dut eskolartekoan. Lehenengo urtean, Legazpiko kanporaketan kantatu nuen eta gauza asko ikasi nituen. Lehen aldiak beti ematen du beldurra, baina gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Eta pasa den urtean, aurreko esperientziaz baliatuz, finalera sartu nintzen. Lazkaon kantatu nuen kanporaketa eta Gemma Urteaga eta biok sailkatu ginen saio hartatik Tolosako finalera. Leidor aretoan kantatu genuen eta pozik gelditu nintzen egindakoarekin. Ez nintzen Euskal Herrikora sailkatu baina saio oso duin bat egin nuen.

    -Larunbatean Osinalderako baliagarri den Argi Berri sariketa daukazu, zein dira zure helburu nagusiak lehen urte honetan?

    Saioan zehar eroso sentitu nahi nuke eta ahal den neurrian, gozatu. Entzulearengan sentsazio ona utzi nahi dut, saio txukun bat eginez. Lehengo astetik sarrera guztiak agortuak daude eta elkartea bete egingo da; Zaldibitik ere jendea joango denez, animo faltarik ez dut izango. Eurengatik dena ematen ahaleginduko naiz.

    Eskerrikasko galdera hauei erantzuteagatik eta zorte on larunbatean!!