• 04
    IRAI
    2014
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Alaitz Sarasolak XXX. Basarri saria irabazi du

    Zarauzko udalak antolatzen duen XXX. Basarri bertsopaper lehiaketa irabazi du. Ostiral honetan jasoko du saria, 1100 euro eta txapela. Hona hemen informazio gehiago. ZORIONAK ALAITZ!

    Informazioa: zuzarautz.info

    Honakoa da Rufino Iraola epaimahaikideak lan saridunei buruz idatzitako kronika:

    Zaldibian bizi den Altzagako Alaitz Sarasola bertsolariak irabazi du ‘Basarri’ saria, bere XXX. edizioan. ‘Belarrtitakoak’ gaia aukeratu eta horren inguruan moldatu ditu zazpi puntuko hamar bertso, ‘ETAren su-etenetik’ doinuan. Teknikoki ogi osaturiko bertsoak dira, nahiz eta idazkera aldetik lizentziaren bat edo beste hartzen duen. Gaia, berriz, gutxi entzuna, eta hamar bertso osatzeko haria aurkitzea ez da erraza, baina ederki lortu du. Agian, bakarren bat gutxiagorekin ez zen okerrago geratuko. Esate baterako, bederatzigarren bertsoan aurrera samar joan dela uste dut: haur jaio berriaren testuingurutik irten egiten da:

    “… / bakoitzak jarri ala ez zer nahi duen badaki ta, / norbere gorputzarengan norberak erabakita”.

    Baina oraindik denbora asko ez dela egin den erreforma du, nonbait, gogoan Alaitzek eta horrelako joerak salatu nahi ditu, besteak beste.

    Haurraren oinazeak protagonismo handia hartzen saio osoan zehar. Kasik bertso guztietan aipatzen dira belarrietako bi ziztadak, eta neskari ematen diote mina. Baita luxua eta ohitura horrekiko jendearen inertzia ere salatzen ditu. Gogora dezagun lehenengo bertsoa:

    Urrezko belarritako, perla, majorika, malba / diamante distiratsu, zilar edo esmeralda; / erregalo paperean, bere lazo ta girnalda, / eme jaio berriaren lehenengo erritual da… / bi belarriak zulatu eta minetik ezin salba, / neskatilaren negarrak inor gutxi du asalda; / adornua ematen du baina adornua al da?

    Bestalde, matxismoa gogor salatzen du. Dudarik gabe, ikuspegi feministatik ari Alaiz. Berdintasunaren alde mintzatzen da. Laugarren bertsoan ederki adierazten du hori:

    Nahiz batere inporta ez hamaseitik hamabosti, / guraso batzuek gaia hartzen dute serioski: “nexkatoa bere hortan, ez zulo eta ez ost…i”, / gero kalera atera ta ezin lasai edoski; / begi guztiak begira, belarrietara, noski: / “aze morrosko bikaina” entzungo da seguraski; / jende askok ematen du orratzak adina hozki…

    Gurasoen eta gizartearen kontraesanak ere agerian ipintzen ditu:

    Gaur neska sortu berria nerabe da bihar, hara: / orduan itxurak zenbat garrantzi eta zirrara; / piercing batez dotoretu nahi duela sudurra ba… / gurasoak izututa kontraren kontra, gerrara: / hasten dira debekuak, errieta zaparrada, / belarrian eder zena bekainaean “makarrada”… / erreakzio xelebre ta hedatu xamarra da.

    Oro har, ukitzen duten bertsoak dira, emozioa eragiten dutenak, eta hori da garrantzizkoena.