• 01
    MAR
    2016
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Bertsoen atalean Hodei Munduatek lehen saria lortu du "Guk gurea" bertso-sortari esker. Bigarren saria, berriz, Uxue Iruretagoienak eskuratu du, "Amonaren kontakizunak" bertso sortarekin. Gainera, Uxuek hitz lauz atalean aipamen bat ere jaso du. Hemen bertsoak eskura. Zorionak bioi eta segi horrela!!

    XXVI. Beasain Idazlehiaketan Hodei Munduate eta Uxue Iruretagoiena zaldibiarrak saridun
    Hodei Munduate, eskuinetik ezkerrera bigarrena. Uxue Iruretagoiena, ezkerretik eskuinera, hirugarrena.

    HODEI MUNDUATE (lehen saria)

    Guk gurea

    Doinua: Aita izena


    1.- Zeregin handi eta larri bat
    Bertso-sorta honen barrun
    Itxaropena ta adorea
    Irakurtzea nahi bainun
    Gu euskaldunak gutxiestea
    Ezin da onartu inun
    Guk hautatzeko eskubidea
    lortzea gure eginkizun
    gure betiko nahia izanda
    denok borroka dezagun


    2.- Aspalditikan ia betitik
    Borroka berdina, bera
    Eztakigu noiz zen hasiera
    Non dagoen amaiera
    Izan ditugu nahiko estroputz
    Oztopo ta gora-behera
    Ez gea altxako inoiz lurretik
    Lehen erori ez bagera
    Oraingo hontan altxako gara
    Beste batzukin batera


    3.- Esan ez badet oraindik ere
    hemen da badaezpada
    Jasan dittegu nahiko mespretsu
    Eta nahiko begirada
    Beti esan da leku denetan
    Belaunkadaz belaunkada
    Aho guztitan ezpain guztitan
    Amestea librea da
    ba gu oraintxe gure ametsa
    itteko bidean gara


    4.- Bide horretan hazi gaituzte
    ta bide horretan hezi
    horrela oinez horrela korri
    noski erori ta jauzi
    boteredunak txikiak hartzen
    hori ezin da sinetsi
    ba gea nahiko earrak onak
    haundi edota berezi
    Frantzia eta Espainiakoek
    Ezin due gu be bizi


    5.- Borroka eta altxatzeakin
    Ametsakin nator gero
    Oso polittak ta oso onak
    zuek bihurtzeko ero
    Orain arteko bertso guztiak
    asko gustatu ezkero
    azkenekoa dator indartsu
    indartsu ta bero-bero
    amaiera hau gustatutzea
    nik bihotzez det espero


    6.- Altza aitona altza laguna
    Altza osaba ta ama
    Mugimendua, protesta eta
    Denon arteko-elkarlana
    Atzo gaur eta biharkoa(e)re
    hartuta kontuan dana
    gaur baino leno, egindakoa
    Ez da izan alferlana
    Protestarekin sendo ta firme
    Seitzea da denon lana

     

    UXUE IRURETAGOIENA (bigarren saria)

    Amonaren kontakizunak

    Doinua: Zeru altuan dagoen jaunak

    1.-Sutondon jartzen ginen guztiok
    egun euritsu, hotzetan
    anai-arrebak, aita, ama ta
    amona ginen ba bertan.
    Gure amona aulki batean
    jartzen zan a(ha)leginetan
    ordun hasten zan kontu-kontari
    bere kontakizunetan

    2.- Belarrik erne, isiltasunez
    egon ohi ginen gu denak,
    istorioak beti baitziren
    politak amaiezinak
    Ta haurtzaroko bizimodua
    islatzen zuten gehienak,
    niretzat ziren zinez ederrak
    goxo, xarmant atseginak.

    3.- Hauxe kontatzen zigun amonak
    bere istorioetan:
    Oilarrak bere kukurruekin
    esnatzen nindun goizetan,
    katiuskak jantzi ta ikuilura
    zimaurra ugari bertan
    behiei azpiak ateratzeko
    beti izerdi patsetan.

    4.- Behi guztiek jana eman ta
    balde batekin jeztera,
    aspergarria itten zitzaidan
    ta neketsua gainera.
    Kaiku batekin joaten nintzen
    ni esne sobrak saltzera,
    nire auzoko etxekoandreei
    dirua ateratzera.

    5.- Nire aita zanak esan ohi zidan
    begira zeru gorria,
    hola jakingo duzu zuk beti
    datorren eguraldia.
    Esaera bat erabiltzen zun
    adieraziz egia:
    “goiz gorritan, arrats euria
    ta gau gorri, goiz argia".

    6.- Geure amonak kontatutako
    istorio batzuk dira,
    pasarte motza edo luzea
    adi berari begira.
    Ta hauen bidez murgil gaitezke
    aiton-amonen garaira
    garai zaharrak, kontu zaharrak
    beregan dute disdira