• 20
    MAI
    2016
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Bertsokatea

    Mila eta Malores Etxeberria ahizpek bikain bete dute Bertsokateko erronka, euren osaba Domanuel gaitzat hartuta, bertso-sorta dotorea osatuz. Hurrengo nominatua ere badugu: Miel Mari Jauregi "Altzo", eta sega mundua izango du habanera osatzeko gaia. Ez dadila katea eten!!

    Doinua: Iturengo arotza

    NOR ZEN DOMANUEL?

     

    Mila bederatziehun
    ta hogeita bia zen
    gure tio Manuel
    jaio zen Arretxen
    hirugarren semea
    zuen amak sortzen
    kale-baserritxoko
    sendi umil baten.

     

    Gazte idealista
    Gasteizen apaiztu
    barrenak aginduta
    misiolari sartu
    Ekuadorko Los Rios
    zuen ezagutu
    eskola bat egiten
    bertakoei lagundu.

     

    Amerika utzita
    Zaldibin ostatu
    giro frankista hura
    behar zen aldatu
    gazte abertzaleak
    zitu(e)n inguratu
    txistulari koadrila
    trebea prestatu

     

    Apaiz eta alkate
    ez ziren gustora
    Euskara ta kultura
    haientzat polbora
    berehala jo zuten
    Jerarkian gora
    Manuel  bakartu  ta
    herritik kanpora

     

    Inguru laiotz hartan
    izan zu(e)n epelik
    Herritarren laguntzaz
    jarraitu zu(e)n zutik
    aberatsen agurrak
    ez zion axolik
    txiroak maite zitu(e)n
    Konplexu gaberik

     

    Erloju ta piano
    haren afizio
    zaharkeriak zitu(e)n
    apaizak bizio
    ijito ta brokante
    harturik sozio
    erosi ta konpondu 
    zenbat emozio!

     

    MILA eta MALORES ETXEBERRIA (Manuelen ilobak) 

     

    Nominatua: Miel Mari Jauregi "Altzo"

    Gaia: Sega mundua