• 22
    API
    2020
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Ez dezagun elkarbizitza kutsatu


    Zaldibia, 2020ko apirilaren 23a

    Herrian bizi garenok eragin zuzena dugu gure inguruarekiko elkarbizitzan, gure jarrerekin, balioekin eta portaerekin.
    Zaldibiako EAJ-PNV giza eskubideen errespetuan oinarritzen da, egiten ari garen udal lana burutzeko. Gure helburua gero eta demokratikoagoa den herri bat izatea da, non pertsona guztien eskubideak defendatzen eta bermatzen diren.

    Bizi dugun osasun-alarmako egoeran, aurrez inoiz bizi ez den egoera batek sortzen digun ziurgabetasunarekin egiten dugu topo. Agintari eskudunek arau batzuk eman dituzte, eta bete egin behar ditugu, eta edozein arau-hauste zigortu egiten da.
    Egun hauetan zehar, hainbat eraikinetan eta trafiko seinaletan kartel batzuk agertu dira, konfinamenduan egokiak ez diren jokabideen aurrean salatzaileak daudela adieraziz. Egia da ez dutela pertsona zehatzik aipatzen, eta pertsona batzuek horrelako ekintzak onartu egiten dituztela adierazpen-askatasunaren izenean. Gure iritziz, ez da zilegi pertsona baten izena irudipen edo susmoekin zikintzea.
    Gure udal taldeak kartel horiek kentzeko eskatu zion alkateari. Jaso dugu bere erantzuna, esanez atzo kartel horiek ez kentzea erabaki zutela, beste eskubide batzuk ez urratzeko.
    Baina geure buruari galdetzen diogu:
    Non dago adierazpen-askatasun horren muga, elkarbizitza usteldu ez dezan?
    Kasu batzuetan zergatik da baliagarria adierazpen-askatasunaren argudioa, eta beste batzuetan ez?
    Puntu honetara iritsita, zein da erantzukizuna edo noraino iristen da gobernu-organoaren eskumena tokiko bizikidetza bermatu ahal izateko?
    Onartzekoak al dira horrelako jarduerak elkarbizitza osasuntsua nahi badugu?
    Kartelak kentzea, ez luke erabakitzeko gaia izan behar, bizikidetzaren izenean kendu beharko lirateke, eta are gehiago bizi dugun egoeran. Bidebatez esanda, ez daukagu Zaldibiako kaleetan kartelak jartzeko udal-ordenantzarik.
    Gertakariak ikusita, udal gobernu taldeak elkarbizitza osasungarriaren izenean, kentzen ez baditu, guk geuk kendu beharko ditugu kartelak?
    Udal mailako erakundeek (alkateak eta zinegotziak barne) bizikidetza normalizatzen lagundu behar dugu, erantzukizun partekatuaren ikuspegitik eta ikuspuntu etikotik.
    Aniztasuna, kultura demokratikoa eta balioetan oinarritutako hezkuntza defendatuz egin behar dugu.