• 11
    EKA
    2013
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Goierriko EH Bilduko zinegotzi eta alkateok euskal presoen eskubideen aldeko hainbat konpromiso hartu eta haien berri eman dugu prentsa aurrean, 2013ko ekainaren 10ean.

    Udaletan presoen eskubideen alde egiteko egitasmoa aurkeztu dugu
    Atzo Ordizian, Goierriko EHBILDUko zinegotziek buruturiko agerraldia

    Aurreko urtarrilaren 12an, euskal presoen eskubideen alde inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena burutu zen Bilboko kaleetan. Zalantza barik, Euskal Herrian burutu den manifestazio jendetsuenetakoa izan zen.

    EH Bilduren iritziz, manifestazioaren leloak zehatz laburtzen du euskal gehiengo politiko eta sozialaren aldarria eta exijentzia: Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira.

    Herri interpelazio erraldoia suposatu zuen Bilboko mobilizazioak: Lehenik eta behin, Espainia eta Frantziako gobernuak interpelatu ziren, gatazkaren konponbiderako aukeraren aurrean duten blokeo jarrerarengatik eta jarrera horixe, hein handi batean, euskal presoen eskubideen urraketan oinarritzen dutelako.

    Baina, era berean, eragile politiko, sindikal eta sozial guztiak interpelatu gaituzte. Euskal jendarteak konpromisoak eskatzen dizkigu guztioi; dispertsioarekin amaitzeko, giza eskubide guztien aitortza eta errespeturako, gatazkaren konponbiderako eta bakearen eraikuntzarako.

    Aldarrikapen horiek lehentasunezkoak ditu EH Bilduk, bidezkoak izateaz gain, jendartearentzat  ere garrantzitsuak direla argi dugulako.

    Presoen eskubideen inguruko adostasuna dago euskal gizartean. Euskaldunok jakin baitakigu presoen eskubideak betetzen ez diren bitartean prozesuak aurrera egiteko zama jasanezina izango duela.

    Gatazka politikoaren ondorioei aurre egiteko garaia heldu da; aspalditxo iritsi zen, egia esanda. Eta aitortu beharra dago, zenbait arlotan aurrerapausoak eman badira ere, asko dagoela egiteko normalizazio arloan, elkarbitzitzan, biktima guztien aitorpenean eta abar. Baina arlo bakarra dago inolako aurrerapausorik eman ez dena, presoen eskubideena. Jarrerarik inmobilistenak hortxe ari gara ikusten.

    Horregatik guztiagatik, EH Bilduko alkate eta zinegotziok euskal presoen eskubideen alde hainbat konpromiso hartzea erabaki dugu, eta horien berri eman nahi dizuegu gaurko agerraldi honetan.

    Ezinbestekoa da dispertsioaz eta neurri horrek dakartzan eskubide urraketekin berehala amaitzea. Konponbide prozesuari Madrilek eta Parisek ezartzen dioten blokeoa gainditzea.

    Horregatik, lehen esan bezala, EH Bilduk eta koalizioaren hautetsiok helburu hauekin bat egiten dugun heinean, aldarrikapen hauek gure eskualdeko udal guztietan bultzatuko ditugu.

    Beraz, gaurkoan jakinarazi gura dugu honako konpromisoak beteko ditugula euskal presoen eskubideen alde:

    • Herriko presoen egoeraren inguruko udal dosierra osatzea hilabeteko epean eta sei hilabetero berritzea.
    • Hasierako dosierra Instituciones Penitenciariasera, Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaileari, Justizia Ministerioetara eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Batzordeari igortzea bertan jasotzen diren eskubide-urraketak ekiditeko eskatuz.
    • Herriko presoekin bisita erronda ofizialari ekitea.
    • Herriko presoei udal erabakiak eta udalak argitaratu edo ateratako materialaren ale bana bidaltzea.
    • Hilabeteko azken ostiraletan Herrirak deitutako elkarretaratzeetan parte hartzea modu ofizialean.
    • Udaleko ordezkari gisa parte hartzen duten ekitaldi guztietan presoen eskubideen defentsa adierazten duen txartela eramatea.
    • Preso gaixoak dauden herrietan alkateen taldean parte aktiboa hartzea presoa etxeratu arte.
    • Hiru hilabetean behin herriko presoen senideekin bilerak egitea, egoeraren berri zuzena izateko.
    • Euskal Herritik kanpo dauden presoei bisitatzeko diru-laguntzak eman ahal izateko araudia onartzea.
    • Etxerat eta Herrira elkarteei udal lokalak uztea beraien bilerak edo lanak egin ahal izateko.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.