• 07
    MAR
    2015
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Datorren larunbatean, martxoak 7, EH Bilduk eta EH Baik sorpresaz beteriko ekitaldi nazionala egingo dugu Barakaldoko BECen. Euskal Bidea abiatzeko urratsa emango dugu 10.000 lagunek. Autobuserako zerrendak herriko tabernetan daude. Eman urratsa zuk ere!

    INDEPENDENTZIAREN ALDEKO 10.000 URRATS BEC-EN

    Munduan eta Euskal Herrian egoera politiko erabakigarria bizi dugu. Herriak altxatzen ari dira beren buruaren jabe izateko, besteak beste Irlanda, Eskozia, Katalunia edo Grezian ikusten ari garen moduan. Herrien bidea herritarren urratsetan, erabakietan dago. Eta ez beste inorenean. Baita Euskal Herrian ere.

    Askatasuna irabazteko abiatu dugu Euskal Bidearen proposamena. Aspaldian hasi zen bidea osatzen noski, baina gaur eta hemen gure betiko helburua begi erabat argiekin ikusten dugu: urrun, oso urrun heldu gara herri bezala eta independentziaren ametsa errealitate bihurtzeko sekulako aukera dugu esku artean.

    Borroka, antolaketa eta elkartasuna funtsezkoak izan dira orain artean bidean aurrera egiteko. Funtsezkoa izan den eta izango den moduan herritarren parte hartzea. Herritarra, norbera bere hitzekin eta ekintzekin, esperientzia eta esperantzekin, bidelagunen eskutik, bide txikietatik bide handietara, taldean antolaturik, multzoetan lanean ... herritarrak finean, herrigintzan.

    Zalantzarik ez dugu: herri honentzat askatasuna lortzeko biderik eraginkorrena inoiz osatu dugun bidelagunen multzorik handiena eta zabalena osatzea da, zugandik hasita, herrigintzarako prest zauden horrengandik hasita, era guztietako ekimenen bitartez eta ekimen hauek guztiak elkarrekin josiz, Euskal Herrian demokrazia eta justizia soziala eraikitzeko gai izango garenak.

    Martxoaren 7an urrunago joan nahi dugu zurekin, aurrera egin Euskal Bidean. Horretarako plaza handi batean elkartzea proposatzen dizugu, Barakaldon, BEC aretoan. 10.000 urrats marraztuko ditugu bertan, neurri, kolore eta jatorri ezberdinekoak. Eta zu ere bertan nahi zaitugu, bidearen zati honetan parte hartzen.

    BECen independentziaren aldeko oihua izango da nagusi. Guretzat irtenbide errealista bakarra Euskal Estatu independentea delako. Inoiz izan ditugun baldintza onenak ditugu horretarako eta inoiz baino ozenago aldarrikatuko dugu: euskal jendartearen gehiengoarekin batera gure herriaren askatasuna irabaztera goaz! Zurea da beraz, urratsa.

    Sorpresaz beteriko ekitaldia izango da larunbatekoa. Apuntatu autobus zerrendan eta bete dezagun BEC!