• 07
    EKA
    2016
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Euskal estatu burujabe bateko herritar izateari BAI
    Baiezko bozka eskatuz egindako agerraldia

    Igandean Gure Esku Dagok antolatutako herri-galdeketa arrakastatsuan, BAI esan diogu zaldibiarrek euskal estatu burujabe bateko herritar izateari. Zorionak antolatzaileei eta zorionak herritarrei Zaldibiako EHBilduren partez!

    Herriari hitza ematen ez bazaio, herriak hartu behar du hitza. Horregatik jaio zen Gure Esku Dago eta hainbat aldarrikapenen ondoren, hautestontziak jartzeko urratsa ematea erabaki zuten. Igandean izan zen egun handia, herritarrok gure iritzia emateko bidea izan genuen eguna.

    Hasteko, Zaldibiako EHBildutik zorionak eman nahi dizkiogu Gure Esku Dagori egindako apustuagatik eta eskerrak eman, zaldibiarroi gure iritzia plazaratzeko aukera eskaintzeagatik.

    Herritarren antolakuntza hutsaz herri-galdeketa egin izana bera  txalogarria iruditzen zaigu eta horretaz gain, azpimarragarria da zaldibitarrok izan dugun parte-hartzea, %66,20koa alegia.

    BAIetzak nabarmen irabazi du gainera, zaldibiarron gehiengoak euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi dugu.

    EHBildun ere horren aldekoak gara, ezkerreko eta independentisten bilgunea baikara. Burujabe izateak erabakiak hemen eta geure artean hartzea ekarriko luke eta hau da gure ustetan, gure herriarean oraina etorkizuna bermatzeko eta bertako herritarron ongizatea bermatzeko aukera bakarra. Horixe defendatu genuen igandeko galdeketan eta horixe defendatzen dugu egunerokotasunean.

    Orain erronka berri bat datorkigu, Madrilgo Parlamenturako eta Senaturako hauteskundeak. Eta ideia bera daramagu Madrila, hemen eta geure artean hartu nahi ditugula erabakiak. Gure egunerokotasunean eragiten diguten erabaki asko eta asko Madrilen hartzen dira eta horregatik, erabaki horiek hona ekartzeko aukerak zabaltzera eta lanera goaz. Laister emango dugu kanpainako ekimenen berri.

    Bukatzeko, eskerrak eman Gure Esku Dagori eta hedatu dadila Goierrin hasi den olatua Euskal Herri osora!

    Zaldibiako EHBildu