• 24
    ABU
    2016
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Legebiltzarrerako hauteskundeak

    Irailaren 25ean izango dira eta lanean hasiak gara jada. Jakin berri dugu Arnaldoren hautagaitza atzera bota duela Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak. Larunbatean mintegia dugu Donostian eta datorren astean bilkura irekia herrian, kanpaina prestatzeko.

    Egungo Lehendakari den Urkullu jaunak, bere arrazoi eta kalkuluak tarteko, hauteskundeak irailaren 25ean egitea erabaki ondoren, garbi dagoena da kurtso hasiera bete-betea izango dugula aurtengoa!

    Epeak aurreratzeak hautagaiak aukeratzeko EHBilduk aurreikusita zuen prozedura aldatzea eragin du. Hala ere, hemen dituzue herrialde bakoitzetik aukeztuko diren hautagaiak ikusgai: Legebiltzarrerako hautagaiak

    Jakin berri dugu Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak Arnaldoren hautagaitza atzera bota duela eta honekin, errekurtso-erabaki prozedura bat jarriko dela martxan, lehenik Gipuzkoako epaitegian bertan eta ondoren, kontentzioso-administratiboan eta azkenik, Auzitegi Konstituzionalean. Horrela, baliteke hilaren 8an, kanpaina hasteko minutu gutxi falta direla jakitea azken erabakiaren berri.

    Hemen duzue informazio gehiago: GARA , ARGIABERRIA

    Erabakiak erabaki, lanean jarraitzen dugu. Larunbat honetan, hilak 27, hauteskunde mintegia egingo da Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan eta bertan hauteskunde hauetako planteamendu politiko eta komunikatiboa azalduko da, baita Arnaldoren hautagaitzaren egoeraren inguruko informazioa eman ere. 10:00etan izango da mintegia eta 9:30ean abiatuko gara Zaldibiko plazatik. Bertaratu nahi duen oro ordu horretan plazara etorri dadila. Mintegiaren ondoren, 12:30ean ekitaldia izango da Arnaldo bera ere bertan izango delarik.

    Mintegitik ekarriko dugun informazioarekin eta herriko plangintza prestatzeko, datorren astean bilkura ireki bat egingo dugu. Eguna zehaztean jakinaraziko dugu. Bitartean, hasi burua astintzen eta ideiak lantzen hauteskunde kanpaina honetarako. Aurreko kanpainetako zein ekintza mantendu beharko lirateke? Zein aldatu? Zein ekintza berri egin dezakegu?

    Besterik gabe, deialdi hauetan elkar ikusiko dugulakoan,

    EGIN HERRI, EGIN IRRI! ARNALDO LEHENDAKARI!

    EHBildu Zaldibia