• 26
    URT
    2017
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Zaldibiako EHBilduren iritzia Aralarko auziaren inguruan

    Hemen duzue Zaldibiako EHBilduren iritzia eta proposamena Aralarko gaiaren inguruan.

    Ikusirik Aralarri buruzko egitasmoek sortu duten ika-mikak bizi-bizian harrapatzen gaituela, honakoa adierazten dugu:

    1.  Aralar guztiona da eta guztiok izan behar dugu Aralarren oraina eta etorkizuna marrazteko protagonista.


    2. Ezin dugu ahaztu Aralar Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremua dela eta beraz, bertan egin daitekeenaren edo egin ezin denaren hesia berak marrazten digula.


    3. Onartzen dugu hesiaren barruan egin daitezkeen zenbait egokitzapen beharrezkoak izango direla, baina ez dugu inolaz ere onartzen hesi guztia hankaz gora jarriko duen praktika eta ikuspunturik.


    4. Elkar ulertzeko ariketa egin beharra ikusten dugu, bat-batekotasuna, beroaldia, presioa eta amorrazioa alboratu, eta gatazkak konpontzeko bitartekoen jabe eginez, pazientzia, lasaitasuna eta besteen lekuan jartzeko gaitasuna elikatuz.


    5. Ezin ditugu ulertu zenbait arduradun instituzional edota eragileek darabilten jarrera xaxatzailea, are gutxiago eremu publikoez eta diru publikoaz ari garenean.


    6. Guk, gure aldetik, gure gain dugun ardura politiko-instituzionalaz jabeturik, gatazka honetan osagai demokratikoak, partehartzaileak eta gardenak jartzen saiatu gara, eta hala jarraituko dugu aurrerantzean ere.

     

    Irizpide hauek aintzat harturik, honakoa da geure proposamena:

    Enirio-Aralar Mankomunitateak joan den abenduaren 20an onartutako Kudeaketa Plana mahai gainean utzi, eta hausnarketarako eta adostasunak lortzeko prozesu zabal bat ireki dezala. Horrela, eta azterketa integral bat eginez, 2002ko Egitamu Plana berritzea proposatzen dugu erakunde publiko guztien parte hartzearekin eta gizarte-eragileekin elkarlanean. Foru Aldundiak bi hilabete behar izan ditu Kudeaketa Plana egiteko, beraz proposatzen dugun prozesua, sei hilabeteko tartean burutu daitekeela uste dugu, hori bai, borondatea egonez gero.

    Elkarlan horren ondorioz, guztion artean bermatu dezagun Aralarren artzaintza eredu jasangarri bat, artzainei bizi-baldintza duinak bermatuko dizkiena, eta era berean, Natura 2000 Sareko Eremu Babestua den Aralar Natur Parkeko ondare natural eta kulturalaren kontserbazioa bermatuko duena.

     

    2017ko urtarrilaren 26an, Zaldibian