• 13
    API
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Zaldibia Herrigintzani erantzuna

    Lehen ere Zaldibia Herrigintzan udal-taldeak bizpahiru aldiz jokaldi bera egin izan du eta ohitzen hasiak gaude jada. Herritarrei banatutako azken idatziari buruz ari gara. Aurrekoetan aldebiko bileretan erantzun izan diegu eta ez gara publikoki erantzutera sartu, baina muga jarri beharrean aurkitu gara oraingoan. Beraz, hemen Zaldibiako EHBilduko udal-taldearen erantzuna:

    Hauteskundeak datorren urtean dira eta hasi da hori nabaritzen udal jardunean. Badirudi oraingoan ere Zaldibia Herrigintzanen programako gai-izarra hondakinena izango dela. Lehenik gogorarazi nahi diegu, gai hori lantzeko batzordea martxan dagoela, bi taldeetako kideek osatzen dugula eta hura dela lekua proposamenak egin eta aztertzeko. Azken hilabeteetan ez dute batzordean jarraikortasunez parte hartu eta ez diote sinesgarritasunik eman bertan egindako lanari.

    Are gehiago, batzordea gainetik pasa eta Sasietarekin bilera nahi zutela esaten zuten behin eta berriz. Esan genien hondakinen bilketa udalaren eskumena dela eta beraz, batzordean hobekuntza proposamenak landu ondoren bilduko ginela haiekin. Hala, beraien aldetik inolako proposamenik jaso gabe, Sasietarekin biltzeko deialdia egin genuen eta ez zirela etorriko abisatu ziguten egunean bertan. Gero, zergatia azaldu gabe, baina ideiaz aldatu eta etorri egin ziren.

    Bilera hartarako Sasietako teknikariek egindako azalpena jaso zuten azkenean beraz, eta txostena ere eskutan izango dute.  Bertan nabarmen ageri da non kokatzen den arazo nagusia: Tejeri, Bilore eta Gaintzako bidegurutzeko birziklaguneetan, eta ez atez-ateko bilketa eremuan.

    Honen harira honakoa azaldu nahi dugu:

    - Udaleko hondakin batzordeak azterketa juridiko, sozial, ekonomiko eta teknikoa egiteko Luar enpresa kontratatu zuen bai, baina gastua ez zuen Udalak bakarrik ordaindu, Foru Aldundiak ordaindu baitzuen kostuaren %65a.
    - “Guk belarria jarri, zuk ekarri” dinamika azterketa horren baitan egin zen. 100 herritar pasatxok hartu zuten parte etxez etxeko bileretan. Nabarmen geratu zen kexa gehienak hiru birziklaguneen ingurukoak zirela eta honi konponbidea ematea izan behar zela lehentasuna.
    - Iaz udal-langileen eta arduradunen bidez jarraipena egiteari ekin genion, eta aurten, horretaz gainera, aurrekontuetan diru partidak izendatu ditugu jasotako ekarpenei erantzuteko eta Sasietarekin batera koordinatu gara.

    Beraz, herritarrak, hondakin batzordea eta Sasieta bat gatoz hiru guneetako egoerari irtenbidea eman behar zaiola esatean. Zaldibia Herrigintzani adierazi nahi diogu ez ditzala kontzeptuak apropos nahastu. Herrian bi bilketa sistema ditugu: herrigunean atez-atekoa eta landa-eremuan edukiontzi bidezkoa. Eta arazoa bigarren honetan dago.

    Arazo hau konpontzeko Sasietarekin hainbat bilera egin ditugu eta Zaldibia Herrigintzaneko ordezkariek ez dute bilera hauetan apenas parte hartu, ezta hartutako erabakien berri izateko gurekin harremanetan jarri ere.

    Neurri hauek hartu dira azken asteetan:

    - Landa-eremuko guneetako txartel aldaketa: txartel berriak egin dira, zaharrak baliogabetuz errolda eguneratzeko.
    - Orain txartel bakoitzak gune bakarrerako balio du.
    - Atez-ateko bilketa zabaldu da kamioiaren ibilbidean eskura dauden hainbat baserrietara.
    - Erabiltzaileei formakuntza eta informazioa eman die Sasietako teknikariak.
    - Ikuskatzaile bat egunero gune guztietatik pasatzen da eta zigor-espedienteak zabaltzen zaizkie erabilera okerra egiten dutenei.

    Nabarmena da azken asteetan guneetako egoerak hobera egin duela eta txartel berriekin are gehiago hobetuko da. Hala ere, sakoneko arazoa honakoa da: guneetako errefusa ontzietan bereizi gabeko hondakin asko botatzen da nahasian. Hemen datu batzuk:

    - Herriguneko familia batek baino 3 aldiz errefusa gehiago botatzen du birziklagunea erabiltzen duen familia batek.
    - Ekonomikoki, herriguneko errefusa tratatzeko 6.114€ gastatzen dira urtean eta hiru guneetakoa tratatzeko, berriz, 10.973€, erabiltzaile gutxiago izanagatik ere.
    - Birziklaguneetan kaleko bereizketa maila egongo balitz, Zaldibiako gaikako bilketa %75ekoa izatetik  %85ekoa izatera pasako litzateke.

    Horregatik, konponbidea ezin da jarraipen hutsean gelditu, datuak hobetzera joan behar dugu, ekonomia zirkularraren bidean. Eta kontuan izan behar ditugu erabiltzaileek egindako ekarpenak. Baina argi izan dezala Zaldibia Herrigintzanek funtzionatzen ez duena eta herriko bilketa indizea 10 puntu jaisten duena hiru guneetako bilketa dela, kontenedore bidezkoa, alegia.

    Datozen hilabeteetan konponbide honen bila jarraituko dugu eta Zaldibia Herrigintzaneko ordezkariek lanean aurkituko gaituzte. Inbertsioen ataletik 25.950€ bideratu ditugu horretarako, eta ez 13.800€. Astakeria irudituko zaie agian, baina hondakinen bilketan inbertitzearekin landa-eremuko erabiltzaileei baldintzak hobetzeaz gainera, datozen belaunaldiei ingurumenarekin arduratsua den mundu bat utziko diegu, eta horrek ez du preziorik, hori denon eginbeharra da.

    Bide batez, eta gaiarekin bat datorrenez, gure elkartasuna adierazi nahi diegu Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkini. Erraustegia gelditu zuten eta EAJ-PSEk mendeku gosez Madrilgo epaitegietara eraman ditu, bizitza osoa hipotekatuko lieketen zigorrak eskatuz. Bi dira epaituko dituztenak, baina gipuzkoarron zati handi batek babesten ditu eta hori erakusteko igande honetan, apirilak 15, elkartasun ekitaldia egingo da Azpeitian 12:30ean. Bertaratzeko deia egiten dizuegu herritarroi.

    Aurrekontuei dagokienez, berriz, ez gara asko luzatuko. Zaldibia Herrigintzanek ezezkoa bozkatu zuen, ez gintuen asko harritu. Zirriborroa aurkeztu genien ekarpenak egin zitzaten, baina ekarpenik ez. Komentarioak soilik: ur-sisteman, berdintasunean, parte hartzean, adin txikikoen laguntzan, hondakinetan… diru asko gastatzen dela. Eta helburu eza leporatzen digute. Bada helburuak baditu aurtengo aurrekontuak, ez nolanahikoak gainera: udal-langilegoaren lan-baldintzak hobetu, udal-zerbitzuei eutsi eta hobetu, herriko eragileei lagundu, askotariko inbertsioak egin, tartean udal eraikin berriaren lehen fasea. Eguneroko beharrak albo batera utzi gabe, begirada etorkizunean duten aurrekontuak dira. Beraz, helburuak baditu. Besterik da Zaldibia Herrigintzani gustatzea.

    Azkenik, ditxosozko CUPOa. Legez herritarrona zena, Madrildik EAJk ekarri zuelako eskerrak eman beharko dizkiegu, gainera. Noski diru hori erabiliko dugula, esan bezala zaldibitarrona delako. PPk gehiengo osorik ez duela aprobetxatuz, Madrildik puxkak ekarriz eta hemen urrearen pare salduz dabiltza EAJkoak. Aurten ere gauza bera gertatuko da azkenean. Kataluniarekiko keinu txikiena nahikoa izango da EAJk PPren aurrekontuak onar ditzan, pentsionistentzat burla hutsa diren aurrekontu horiexek berak, hain zuzen.

    Gure galdera da: AHTa eta beste ordaintzeko edozerk balio du? Gurea eta beste nazioak onartzen ez dituenari babesa eman behar diote? Demokrazia hutsune larriak dituen estatua gobernatzen duen alderdi hustelari babesa eman behar diote? Noiz arte jarraitu behar du EAJk Madrilera begira, herri honen burujabetzari frenua jartzen?

    Zaldibin, 2018ko apirilaren 13an
    Zaldibiko EHBilduren udal-taldea

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.