• 09
    MAI
    2019
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Zaldibiarentzako herri programa

    Hemen duzue Zaldibiako Euskal Herria Bilduk osaturiko HERRI PROGRAMA.

     

    Hemen irakurri dezakezuena laburpena duzue. Herri programa osoa ikusteko deskargatu orri amaierako PDFa edo jarraitu lotura,  ISSUtik irakurtzeko sakatu hemen

     

    LANEAN JARRAITZEKO INDARRA ETA ESPERIENTZIA BILDU DITUGU,

    HERRIAK BALIA GAITZALA

    Udalerako izen zerrenda bat baino gehiago, lantaldea osatu dugu eta badago aldea batetik bestera. EH Bilduren oinarriek ezarritako irizpideak ere kontuan izan ditugu: alkategaia emakumea izatea eta lantalde parekidea izatea, esperientzia eta freskotasuna nahastea, gazteak eta ez hain gazteak, kalekoak eta baserrikoak...

    Herria egiteko era eta ikuspuntu ezberdinak daude, eta Udaletik egiten den lanak eta erabiltzen diren moduek badute eragina horretan. Ezkertiar eta independentista garenontzat jendartearen eraldaketarako gune bat gehiago da Udala, etxea, auzoa, lantokia, kuadrilla edo kalea diren bezala.

    Eraldaketa burujabetzatik dator, erabakiak hemen eta geuk hartzetik. Kolektiboan pentsatuz, norberetik ekinez. Horregatik da garrantzitsua herritarren ahalduntzea lantzea eta elkarlanerako bideak irekitzea. Pertsona askea ez da loturarik ez duena, erabakiak hartzeko gaitasuna eta ahalmena dituena baizik.

    Lau urte denbora gehiegi da agindu nahi duenarentzat eta gutxi herritarrak ahaldundu nahi dituenarentzat. Azken urteetan horretan ahalegindu gara, batzuetan asmatu dugu, besteetan ez. Lan batzuk egin ditugu, besteak martxan daude eta beste hainbat burutzeko geratu zaizkigu. Lantalde berria aurkeztu dugu erreleborako. Eman diezaiegun babesa herria ahalduntzen jarraitzeko.

    HERRITARREN PARTAIDETZAZ, PLAZA INGURUA DISEINATUKO DUGU

    Udal eraikin berria eraikitzen den bitartean badugu erronka berria, plazaren diseinuaz eztabaidatzea: estalpea, parkea, terrazak... Nola antolatu? Herriaren bihotza izanik, guztiok dugu zeresana. Ikuspuntu ezberdinak jaso eta denon neurriko plaza diseinatzeko bideak jarriko ditugu.

    • Zaldibia Plazara! Partaidetza prozesua egingo dugu plazaren diseinuaz herriko sektore guztiekin hausnartu eta eztabaidatzeko. Behin eztabaida burututa, proiektua idatziko da.                                                

    • Udal eraikin berriaren obrei jarraipena egingo diegu eta behe solairuko espazioen erabilerak landuko ditugu erabiltzaileekin.

    ARALARREN OREKA, ETA ELKARBIZITZA BULTZATUKO DUGU

    Belaunaldi bakoitzaren lana da hurrengo belaunaldiari bizi baldintza hobeak uztea. Aralarko lurretan bezala herrikoetan, jasangarritasunak, orekak eta berreskurapenak izan behar dute ardatz; horretarako, sektore ezberdinen elkarlana eraiki behar da.

    • Aralarren eta herri lurretan orekaren, elkarbizitzaren eta berreskurapenaren alde lan egingo dugu, zientzialariek eta erabiltzaileek duten jakintza baliatuz.

    • Goizaneko eraldaketa gunea sustatu nahi dugu, ekoizleak eta herritarrak lotuz.

    • Ingurumenak duen garrantziaz jabetzeko, ikuspegiak zabaldu eta ekimen praktikoak proposatuko ditugu.

    EUSKARA, KULTURA ETA KIROLA: EGIN, ETA BATEZ ERE ERAGIN

    Kultura eta kirola ez dira soilik ikuskizunak, herri nortasuna, herri sorkuntza, herri jakintza dira. Jaiak ere kultura dira, baina aspaldian zain gaudela dirudi. Norbaitek eskainirikoa jasotzeko zain. Zaldibian badugu nortasun nahikoa kultura, kirolak, jaiak eta euskara bezalako eremuak antolaketa herrikoi batetik garatzeko, baita erronka berriak asmatzeko ere.

    • Zaldibiako kultur eragileak bildu eta ahaldundu nahi ditugu kultur eremuari bultzada berri bat emateko.

    • Udalaren jabetzako kultur eta kirol baliabide eta azpiegiturak eragile horien beharretara egokitzeko lan egingo dugu.

    • Euskara bere egin nahi duen orori bitarteko zabalak eskainiko dizkiogu.

    ERTZETIK ERDIGUNERA:

    ANIZTASUNA, GAZTERIA, HEZKUNTZA ETA BERDINTASUNA

    Arlo horietan guztietan lan asko dago egiteko, kontzientziaziotik hasi, diagnostiko eta plangintzak egin eta politika zehatzak aplikatzeraino. Udalaz gaindi, herriko taldeekin zuzenean egin beharreko lanketak dira, eta Zaldibian badago horretarako sarea: Aske talde feminista, ZGA, Guraso Elkartea eta Lardizabal Herri Eskola, Etxekonekok aniztasun elkartea…

    • Herriko sare eta talde guztiekin elkarlanean aritu nahi dugu.

    • Hausnarketa, diagnostiko eta plangintzak egiteko bitartekoak jarriko ditugu.

    • Udalean, berdintasun teknikaria kontratatuko dugu barne zein kanpo lanketarako.

    Guzti honetarako ZU BEHAR ZAITUGU, zure ideiak, zure ikuspegia eta zure parte hartzea ahalbideratzen saiatuko gara, guztion artean aniztasunean eta berdintasunean oinarrituriko Zaldibia herrikoi, ezkertiar, aurrerakoi, euskalduna eraikitzen lagundu gaitzazun, 2019ko maiatzaren 26an EUSKAL HERRIA BILDU.

    Lotura: Zaldibiako Udalerako EH Bilduren hautagai zerrenda