• 27
    MAI
    2019
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Eskarrikasko Zaldibi!

    Igandeko hauteskunde emaitzak patxada handiagoz aztertzeko tartea hartuko dugu, baina gure lehen inpresioa eta sentipenak plazaratu nahi izan ditugu mezu labur honen bidez. Jasotako babesak lanean jarraitzeko gogo eta bultzada ematen digu, herritarrekin batera, zurekin  batera. 

    EH Bildu koalizioaren ibilbideak 8 urte egin ditu jada Zaldibiko udalgintzan, behetik eta ezkerretik Euskal Herriaren burujabetzari eta jendarte justu eta duin baten alde bere ekarpena eginez. Hirugarren udal hauteskunde zita igaro berri, Zaldibian oinarri zabala eta sendoa dugula konfirmatzera datoz igandeko emaitzak. Hala ere, udal kudeaketan aritzeak duen ardurak, hainbat gaietan oinarri horretako kide batzuk ez ditu asebete eta azken bozetan mezu hori ere jaso dugu, bozka galera izan baitugu herrian. Hauteskunde emaitzek zinegotzi bat gutxiago emango digute datorren legealdiari begira.

    Hasieran esan bezala, EH Bilduren udal lan-talde berria gogotsu dator, herritarren beharrak jaso, elkarlanean landu eta bideak eskaintzera eta zabaltzera. Gure oinarriak merezi duelako, azken urteetan asebete ez ditugun horiek merezi dutelako, etxean geratu direnek merezi dutelako, eta batez ere, Zaldibik eta zaldibitarrok merezi dugulako.

    Alde txikiagatik baina ez dugu lortu Juankar diputatu nagusi izaterik eta horrek ez digu bidea erraztuko Foru Aldundian. Nabaria da eredu talka handia dugula EAJrekin, bai proiektuetan, baita lanerako moduetan ere. Guk geureari eutsiko diogu eta espero dugu kanpainan Markel Olanok hainbestetan errepikatu duen adostasuna eta elkarlana bultzatzeko asmoa hitz hutsetan ez geratzea eta aurreko lau urteetan baino harreman emankorragoak izatea.

    Amaitzeko, gogora ekarri nahi dugu “herriak balia gaitzala" gure leloa. Lan-taldeko kideon konpromisoa da herritarrak herriari dagozkion erabaki eta lanetan inplikatzeko bideak jartzea.  Bidea urratzeko, ordea, ezinbestekoak dira herritarrak, ezinbestekoa zara zu. Zurekin gara Zaldibi, bidean elkartuko gara.
      

    Zaldibian, 2019ko maiatzaren 27an.

    Zaldibiako EH Bildu

LANTALDEA
HERRI PROGRAMA

Boletina

ZaldibiaTB

Estekak