• 26
    UZT
    2019
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Atzera begira, aurrera egiteko

    Pasa den asteartean ospatu genuen ohiko osoko bilkuran, gaiordeneko puntuetako bat zen aurreko legegintzaldi amaieratik zetorren gai bat, Aztiriaga etxea birgaitzeko proiektuarena. Zaldibiako EH Bilduren udal-taldetik, honakoa adierazi nahi dugu, PNVk kaleratu duen idatziaren harira.

    Iazko abendutik indarrean dago Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria (HAPO berria), PNVk dioen bezala ia 10 urteko lanketa eta tramitazio prozesuaren ondoren. HAPOan zehazten da, besteak beste, Zaldibian etxe berriak egiteko aukera non egongo den eta egun dauden etxebizitzak berritu edo birgaitzeko araudia zein izango den.

    Etxe berriak eraikitzeari dagokionez, azken hamarkadan eraikitakoa aintzat hartuz eta herri tamaina hau mantendu nahi denez, Ibarrazpin gaur egun eraikitakoaren jarraian beste bi bloke eraikitzea eta Biloreko eremuan Mendi-Ondo parean etxebizitza gutxi batzuk eraikitzeko aukera aurreikusten da, ez besterik.

    Horregatik, helburu nagusitzat gaur egun hutsik dauden etxeak berritu edota birgaitzea zela erabaki zen, 2010-2011 urteetan herritarrek bete zituzten inkestetan jasotako erantzunak kontuan hartuz, baita orduko hirigintza batzordean zeuden iritziak aintzat hartuz ere. Helburua argi izatea pauso garrantzitsua da, baina baita horra iristeko bidea aukeratzea ere.

    HAPO berriak, orduko hirigintza lantaldeko eta hainbat bileretako iritziak kontuan izanda, Eremu Tradizionalean biltzen ditu Zaldibiako herri-guneko hainbat etxebizitza, hauen ezaugarriak mantendu eta babesteari begira. Eremu tradizionalaren barruan kokatutako etxeek, besteek baino araudi zorrotzagoak dituzte birgaitzerako garaian, estetika tradizionala mantentze aldera.

    Aztiriaga eta Ermentari etxeak multzo horren barruan kokatzen dira Arrese eta Elosegi-Enea eraikinekin eta Txamarretxekoekin batera, goiko kaleko kaskoa osatzen dutelarik. Udaberrian Aztiriaga etxearen jabeek etxea birgaitzeko proiektu zirriborroa aurkeztu ziguten, herriko lau familia bertan bizitzen jartzeko asmoa agertuz. HAPOaren arabera proiektua aztertzen hastean, Eremu tradizionalean egoteak jartzen zizkien mugak agertu zitzaizkigun.

    Proiektuan ikusi genuenez, Arrese aldeko fatxada gaur egun bezalaxe mantentzea aurreikusten zuten, Eremu tradizionaleko arauak errespetatuz eta HAPOa diseinatu zenean estetika tradizional hori babestearen aldeko iritzia kontuan hartuz. Baina Txarone aldeko plaza bezala ezagutzen dugun aldera araudia malguagoa izan beharko lukeela aipatzen zuten, gaur egungo bizimodu eta beharretara egokitzeko, leiho eta balkoi handixeagoak egiteko aukera emanez. Honetarako aukerarik ez bazegoen, proiektua bertan behera geratuko zen erosleek ezinbestekotzat jotzen baitzituzten aipaturiko aldaketa hauek.

    Zaldibiko etxebizitza zaharrak eraberritzea herri erronka gisa ulertzen dugu, arauak muga bezala ulertu ordez, erreferentzia edo tresna moduan ulertu nahi ditugu. Gure ustez, aurkeztu diguten proiektuak bat egiten du etxebizitza zaharrak eraberritzeko dugun herri erronkarekin eta arau subsidiarioak idazterakoan jaso zen espiritu eta filosofiarekin. Horregatik, astearteko plenoan gure aldeko bozkarekin eta PNVren aurkakoekin bide eman zaio arauetan aldaketa puntual hau egiteko prozesuari.

    Orain, dagozkion iragarkietan jakitera emango denez aldaketa justifikatzen duen txostena ikusi eta alegazioak jartzeko epea irekiko da. Oporraldiarekin bat egiten duenez hilabete eta erdira luzatuko da horretarako epea.

    Zaldibiako PNVren jarrera ez dugu ulertzen, herriaren aurrean justifikatzen saiatu badira ere. Proiektuaren alde daudela esan zuten plenoan, baina aurkako bozka eman zuten. Hirigintza batzordean eremu tradizional guztia lantzea eskatu ziguten eta bitartean proiektu hau geldirik uztea.

    Gezurra diote gaia lantzeko konpromisorik ez dugula diotenean, horretarako konpromisoa agertu baikenien plenoan bertan, horixe izango da Hirigintza Batzordean landu beharreko lehen gaietako bat. Baina beraiei esan genien bezala, batek ez du bestea kentzen. Erabat bateragarria da etxe huts bat birgaitzeko proiektu honi bide eman eta lanketa horretan sakontzea.

    Izan ere, kontziente gara aurkezten zaigun proiektu bakoitzean araua aldatzen aritzea ez dela egokiena. Baina, aldi berean, errealitate bihurtzera doan proiektu honi, etxebizitza zaharkitu eta hutsa herritarrez betetzera doan honi, aurreko fatxadan bere izaera eta ezaugarri tradizionalak mantenduko dituen honi, bide emateko betebeharra ikusi dugu, HAPOaren beraren muina eta ikuspegia aintzat hartuta.

    Gure borondateaz aipamena eginez bukatzen da PNVren idatzia. Jakin dezatela zaldibitarrek lehen esan bezala plenoan bertan konpromisoa hartu genuela eremu tradizionalaren gaia lantzeko. HAPO berriak datozen urteetako norabide eta norantza definitzen du eta gure iritziz ezin da dokumentu itxi eta ukiezin bilakatu, bidea egiteko baliagarri izango den tresna izan behar du.   

    Ez dakigu Zaldibiako PNV berak guri exijitzen digun borondate eta konpromisoa izango duen, orain arteko jarrerek bestelakoa erakutsi baitigute: ez egin eta ez egiten utzi, zarata eta zalaparta, kexak bai, baina proposamenik ez. Aldebiko lehen bileran bertan argi agertu zuten beraien jarrera. Elkarlanerako proposamenen artean Ordizia-Zaldibia bide-gorriarena aipatu genien, adibide bezala bi taldeak elkarrekin Foru Aldundira joateko prest egongo al ziren galdetuta. Erantzuna honakoa izan zen: “Zertako? Gero medalla zuek jazteko?”.

    Alderdi interesez haratago herri interesak eta herritarrak daude, baina dirudienez PNVko Zaldibiako zinegotziei berdin zaie hori, medalla nork janzten duen soilik inporta zaie. Legegintzaldia hasi besterik ez da egin eta gure saiakera egingo dugu herri interesak defendatu eta elkarlan bideak urratzeko oposizioarekin. Gauza jakina da, ordea, zubiak bi aldetatik eraikitzen direla eta bien borondatea ezinbestekoa dela. Gurea mahai gainean dago. 

    Bukatzeko, dei egin nahi diegu zaldibitarrei Udal batzorde eta arloetan izena emateko, hirigintzakoan kasu. Badago zer landu, eta ezinbestez denon artean egin behar dugu hori.

    Zaldibian, 2019ko uztailaren  26an