• 11
    API
    2020
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Aurtengo Aberri Eguna egokitu den testuinguruaren baitan, egoerak eskaintzen dituen aukera mugatuak baliatuz ospatzeko deia egin du Zaldibiako EHBilduk, galera pertsonalak izan dituztenei babesa erakutsiz, bere onena ematen ari diren langile eta herritarrak eskertuz, eta Euskal Herria Batera ekimenarekin bat eginez. 

    ADIERAZPENA:

    Igandean ospatuko dugun aurtengo Aberri Eguna egoera oso berezian datorkigu, konfinamendu betean aurkitzen da euskal jendartea eta  honezgero Euskal Herriaren luze zabalean bere arrastorik  gordinena ezagutzeko parada eduki dugu gaitz hau bitarteko zendu diren mila inguru herritarrengan eta gaitzak jota dauden milaka horiengan. Mundu mailako krisi humanitario honek, sanitarioak diren ondorioez gain alor ezberdinetan izango dituen eraginak aurrikusezinak zaizkigu. Edonola ere, aurrerantzean gure bizimodu eta ohituretan eragingo dituen aldaketek, batik bat politika alorrean orain arteko egiteko moduetan ere aldaketak eragitea espero dugu.


    Ama lurraren jasangarritasuna eta gizaki ororen bizitza duina eta zoriontasuna ere mundu mailako lehentasun bilakatu behar honen baitan ulertzen dugu gure aberriak hartu behar duen itxura. Euskal Herria munduak zazpi lurralde hauetan hartzen duen izena da eta inoiz baino beharrezkoagoa Euskal Herriaren aitortza defendatzen dugunon aldetik oraindik aitortu gabeko herri txiki honek munduan jokatuko duen papera zein izan behar den hausnartzea.


    Nazioa aitortzea ez da soilik esparru politikoan gauzatu beharreko helburua, nazio izaera gero eta gehiago lotzen da komunitate garapenarekin eta honen jasangarritasunarekin, autoeraketa eta dinamika sozial eraldatzaileen arteko lankidetzarekin, nortasuna eta aniztasuna bateratzearekin. Eskubide oinarrizkoen bermea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea da nazio eraikuntzaren oinarria. Hori aldarrikatu nahi dugu 2020ko Aberri Egun berezi honetan.


    Erabakiguneak zenbat eta erabakiak gauzatu beharko diren lurraldeetatik hurbilago ego, orduan eta eraginkortasun handiagoz erantzuten zaie egoera zailei. Zer izan behar garen erabaki nahi dugun bezala, gure aldameneko herrialdeekin izan beharreko harremanak erabaki nahi ditugun bezala, krisi honetatik nola atera erabakitzeko eta utziko dituen ondorio lazgarriei erantzuteko ahalmen politikoa ere aldarrikatzen dugu. Bat egiten dugu herri honen sen demokratikoarekin.


    Elkarlanean aritzeko garaia da, batera, auzolanean aritzeko garaia. Pasarte ilun hau atzean utzi eta gure herriarentzat eta herritarrentzat etorkizun hobe bat xede lanean jarraitzeko prestutasun osoa agertzen dugu.


    Horregatik, Aberri Egun hau egoerak eskaintzen dituen aukera mugatuak baliatuz ospatzeko, honako adierazpena egiten dugu Zaldibiako EHBildutik:


    I.- Doluminak helarazten dizkiegu senitartean edo lagunartean galera pertsonalak izan dituzten herritarrei.


    II.- Eskertza mezua helarazten diegu osasun eta zaintza arloko langileei, baita egoera honetan beren onena ematen dabiltzan langile eta herritar guztiei ere.


    III.- Bihar goizean goizetik Zaldibiako balkoiak ikurrinez betetzeko dei egiten dizuegu.


    IV. - Eguerdiko 12:30ean minutu bateko ixilunearekin dolua partekatuko dugu krisi honetan beren hurbilekoak galdu dituzten eta nahi bezala agurtu ezin izan diren ehunka familiekin. Jarraian, Euskal Herria Batera ekimenarekin bat eginez, kanta dezagun denon artean Txoria txori.


    GORA EUSKAL HERRIA!


    ZAINDU GAITEZEN!


    Zaldibian 2020ko apirilaren 11n.