• 25
    MAI
    2014
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Ernaik, igandean bozka ematera joateko deia egin dio gazteriari, eta EH Bilduren hautagaitza babestearen alde egin du. 

    Europar Parlamentuan egindako lanak gure herrian martxan den konponbide prozesuari ekarpena egiteko balio behar digu. Bi norabidetan:

    Batetik, Bruselan egoteak ez dakarrelako soilik Parlamentu barruan egindako lana, Estaturik gabeko herri ordezkariekin edota kapitalaren-troikaren europaren aurrean bestelako eredua aldarrikatzen duten sektore iraultzaileekin aliantzak garatzea ezinbestekoa da. Parlamentuko lana ez da soilik barruan garatzen, inguruan dauden aliatuekin elkarlana estutu, errealitateak ezagutu eta elkartasun internazionalistaren logikatik hartu emana izatea ere badakar.


    Bestetik, Euskal Herrian gatazkaren konponbideari begira irekitako prozesu demokratikoari zein herri sektore zapalduon interesei erantzunez egunez egun eraikitzen ari garen prozesu sozialari ekarpena egin behar diogu hauteskunde hauetan parte hartuz. Euskal Herrian hegemonia politikoa kolokan dagoen honetan, ezker independentista vs neoliberalismo espainol-erregionalistaren aurrean urratsa emateko aukera dugu.

    Euskal Herriko ahotsa nazioartean zabaldu eta nazioartean ematen diren borrokak bertaratu behar ditugu. Euskal Herria eta nazioartea izango dira konponbide prozesuaren hartzaile eta parlamentuan egoteak horretarako aukerak irekitzen ditu.

    Hori hala, maiatzaren 25ean ospatuko diren hauteskundeak gure bidean aurrera egiteko parada eta aukera gisa ulertuta, bozka bidez parte hartzeko deia luzatu nahi diogu gazteriari, gure helburuak betetzeko hautu gisa EHBilduren hautagaitza babestuz.