• 25
    AZA
    2014
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Azaroak 25

    Beste urte betez, emakumeen aurkako bortizkeriaren kontrako eguna ospatuko da.

    Patriarkatua egituratutako sistema oso bat da, eta sistema oso bezala egiturazkoak diren zapalketak eragiten ditu, indarkeria egiturak bizirauteko behar duen tresna izaki. Eraso Patriarkarrak agerikoak edo ezkutukoak izan daitezke, gogorragoak edo sotilagoak baina eraso horiek beti izango dira estrukturalak. Gure eguneroko harremanetan eraso horiek ematen dira, eraso horiek pairatzen ditugu. Horiei deitzen diegu Mikromatxismo, ez dira mikroak intentsitatez, baizik eta ezkutukoak bihurtzen direlako askotan, gehienetan. Ernaik, Euskal Estatu Sozialista eta Feministaren bidean, ezkutuko eraso horiek identifikatu, azalerazi eta horien aurka indar guztiz borrokatzeko hautua egina du.

    Indarkeria sexista, ordea, egiturazko erasoen artean agerikoena da, heriotza du azken muturreko ondorioa. Euskal Herrian urtero indarkeriazko eraso ugari pairatzen ditugu, horietako batzuk heriotza kasuekin. Horregatik, gaur, patriarkatuaren biktimak omentzeko lekua hartu nahi dugu. Sistema anker honen atzaparretan hildakoak gure oroimenean eramaten ditugu eta borrokarako indar gehiago ematen digute.

    Eraso guztien aurrean autodefentsa da dugun bide bakarra, eta horregatik hain zuzen aldarrikatzen dugu. Euskal Estatu Feminista eraikitzen goazen bitartean, erabili beharko dugu autodefentsa, baina gure helburua eraso guztiak desagertuko diren eszenatokia eraikitzea izango da. Patriarkatua igarotako amesgaiztoa izango den garaia erditzea da gure helburu nagusia.

    Emakume gazteak, antolatzeko beharra dugu, patriarkatuari hortzak erakusteko norbanakoan ahulak garelako, baina kolektiboan garaiezinak. Horregatik hain zuzen, Azaroaren 25eko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu, auzoz auzo eta herriz herri imaginatiboki eta era berean zurrunki mobilizatzeko ordua heldu zaigu. Bide horretan egon behar gara mutil gazteak ere, guztion betebeharra baita, erasoei aurre egitea. Emakumeen aitzindaritzaren atzean kokatu eta eurekin batera Euskal Estatu Feminista bururaino eramatea baita gure betebeharra ere.Horregatik, instituzioetatik egun hau propagandarako erabiltzen duten bitartean, inongo aldaketarik nahi ez dutenen aurrean, gu diskurtso eta praktika feminista erradikal batekin aurkeztu behar gara, aske izateko feminismoa delako bide bakarra.

    Jende Librea Herri Librean.

    Jo Ta Ke Euskal Estatu Feminista Lortu Arte!