• 10
    URR
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Larunbat honetan, Zaldibiko plazan, gazte antolakundeko belaunaldi ezberdinetako kideok argazkia aterako dugu, zatozte!

    Bulkada berrien garaia da!
    Leitza, 2018ko irailaren 16a

    Larunbat honetan, hilak 13, eguerdiko 13:00tan plazan biltzeko deia egiten dizuegu gazte antolakundeko militante ohi, militante eta etorkizuneko militante guztiei, milaka arrazoi baditugulako:

    Askatasunaren alde antolatu eta borrokatzeko konpromisoa hartu zuten hainbat gaztek duela 40 urte. Ezker Abertzalearen baitako gazte antolakuntzarako lehen espazioa sortu zuten. Batetik, gazteek problematika propioa bizi zutelako; eta gainera, problematika horren borroka Herri honen askatasunaren borrokarekin elkarlotuta ulertu zutelako.

    Bakoitzak beretik baina denok batera, denok zerbait emanaz dena lortu dezakegulako. Ezer ez dugu galtzeko eta dena dugu irabazteko. Txikiak izanik, aberatsa den mugimendua baikara. “Bulkada berrien garaia da!” dinamika mugen gainetik ipar eta hego Euskal Herriko gazteok martxan jarritako dinamika da. Mugak ezarri nahi dizkiguten bi estatuen gainetik hemen gaude, Herri oso bateko gazteria. Denok bat eginda, etsaiaren mugen gainetik antolatzen eta borrokatzen ikasi dugulako. Gora euskal gazteria!

    Urte luzez Euskal Herriari konpromiso militantez duguna eta dakiguna ematen jakin izan dugu. Irrati libreetan, gaztetxe, musika etxe eta proiektu komunikatiboetan. Urteroko danbada, topaketa edota gazte martxetan. Bilera, asanblada edota barra ertzeko hizketaldietan. Kalean, herriko tabernan, barrikadetan, ordu txikietako kontuetan, pankartaren atzean, ikasgeletan, greba orokorretan…. Bazter guztiak aldarriz bete ditugu, pertsona askez osatutako herri librea amets.

    Dinamika, herriz herri eta auzoz auzo lau haizetara zabaltzen gabiltza jadanik. Gazte borrokan ibilitako belaunaldi ezberdinen arteko zubiak eraiki eta indartuz, gazte belaunaldi berriei antolakuntza eta borrokarako espazio berriak irekitzeko asmoz ekin dugu ikasturte berria.

    Bulkada berrien garai da. Ez dezagun gure oraina galdu, hau baita gurea den garai bakarra. Etorkizuna ez da inorena; oraina, ordea borrokan irabazten duenarena da. 40 urte luzeren oraina gara hemen gauden guztiok. Moztu nahi izan zuten lorearen aurrean, ernaldutako udaberria. Anitza eta kolektiboa. Gaztea eta errebeldea. Bizirik gaude, bagoaz eta bagatoz. Euskal Herri sozialista eta feminista lortu arteko konpromisoan berresten gara gaur hemen.

    Bulkada berrien garaia da. Antolakuntza eta borrokaz, gazteok Ernai gaude, Aitzina goaz.

    Ikusten duzuen bezala, ikasturtea indartsu dator, ekimen eta ekintza ugari ditugu aurretik denon artean egin eta gozatzeko!

    Larunbatera arte! Gora Euskal Gazteri!!

    Zaldibiko Ernai