• 19
    ABE
    2012
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Tximeletak dokumentalaren emanaldia larunbatean

    Dokumental hau ez da tximeletei buruzkoa, izenburuak hala ulertarazten badu ere. Euskal Herriko gazte mugimenduaren urte luzeetako errepasoa egiten duen filma da, irudi, elkarrizketa eta abarrez osatua.

    NOIZ: Abenduaren 22an, larunbata

    ORDUA: 22:00etan

    LEKUA: Zaldibiko Herri Antzokia

    Sarrera doan izango da. Iraupena: ordu eta erdi. Emanaldiaren ondoren, hainbat herritarrek hitza hartuko dute beraien bizipen pertsonal, gertaera barregarri, ibilera zelebreak... kontatzeko; baita egungo egoeraz azalpenak emateko ere.

    TXIMELETAK PROIEKTUA:

    Euskal Herria eta mundu osoa astintzen ari den zurrunbilo politiko eta sozialaren aurrean, gazteok tamainako erronka daukagu mahai gainean: gure burua behatu eta eraberritzea ezinbesteko premia da, orainak eta etorkizunak dakartzan aukerei era eraginkor eta sortzailean erantzuteko.

    Topatu gazte proiektu komunikatiboak, bere aldetik, egungo komunikazio panorama berrietara egokitzeko beharra dauka. Proiektuaren eraberritzeak gure artean ireki diren komunikazio aukerak baliatu behar ditu, gazteak protagonistak bilakatuz, egitasmoa erabat horizontalizatuz eta informazioa eta iritzia parera jarriz.

    Transformazio bata zein bestea, ordea, ez dira ezerezetik sortzen. Eraldaketa orok ezin dio sekula iraganari uko egin. Aldaketa bakoitzak dakarren fruitu berria aurretik izandakoaren ondorio da beti, eta aurrekoak utzitakoaren arrastoa darama. Tximeletak dezente daki horretaz. Bere izatea eraldatuz doan metamorfosiaren urrats bakoitza aurrekoaren segida da beti. Tximeletak ez du sekula ahazten beldarra izan zenik.

    Era berean, Euskal Herriko gazteriak zein Topatuk bizi beharreko eraldaketek aurretik izandakoa jasotzea ezinbesteko gakoa da. Zentzu horretan, Topatuk Tximeletak, etengabeko metamorfosia egitasmoa jarri du martxan, egungo zurrunbiloan iraganeko perspektiba galtzeko arriskuaren aurrean, gazte memoria berreskuratu eta hedatzeko asmoz. Egitasmoaren azken fruitua Euskal Herriko gazte mugimenduak hiru hamarkada luzeetan utzitako arrastoa jasoko duen dokumentala izango da. Prozesu horretarako, ordea, Euskal Herriko gazteon arteko elkarlana bultzatu nahi du Topatuk, dokumentala denon artean osatutako lana izan dadin. Finean, zu zeu ere, tximeleta zara.

    LOTURA: tximeletak.net