• 19
    URT
    2013
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Bihar ospatuko da Donostian euskal gazteriaren aldeko manifestazioa eguerdiko 12:30etan Boulevardetik abiatuta. Hemen duzue ezkutuan dauden Oreretako hiru gazteen mezua eta elkarrizketa.

    Audioa, helbide honetatik ekarria: http://www.info7.com/wp-content/uploads/2013/01/20130118_25337.mp3

    “Ezkutatuta, argi utzi nahi dugu epai hau ez dugula onartzen”

    Joan den abenduaren 18an Errenteriako bost gazte auzipetuen kontrako epaia berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Horietatik hiru ezkutatuta daude ordutik, epaia ez dutela onartzen salatzeko.

    Hilabete bete da gaur Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio eta Arkaitz Anza auzipetutako gazte oreretarrak ezkutatu zirenetik. Hartu duten erabakiaren arrazoia azaldu, eta norbanakoen zein eragileen aldetik jasotzen ari diren babesa eta elkartasuna eskertuta, gazte mugimenduan egindako ibilbidearekin “harro” azaldu dira. Espainiako Estatua gazte mugimendua “kriminalizatzen” jarraituko duela sinistuta daude, eta horren harira, “eskubide zibil eta politikoen aldeko herri harresia” eraikitzeko deia egin dute, “herritar bat gehiago, gazte bat gehiago ez dadin izan kriminalizatua, kolpatua, zigortua…”

    Epaia heldu eta ezkutatzea erabaki duzue. Zergatik hartu duzue erabaki hori?

    Xabier Lujanbio: Erabaki gogor honen arrazoi nagusiak bi dira. Alde batetik, epaia, gure atxiloketak, torturak, espetxeratzeak, epaiketa… erabaki politikoa dira. Gure militantzia politikoa zen eta da, eta kriminalizatu, kolpatu eta zigortu nahi dute. Hori horrela izanik, eman geniezaiokeen erantzunik onena, militantzia politiko horrekin aurrera jarraitzea zela pentsatu genuen. Bestetik, ezkutatuta, argi eta garbi utzi nahi dugu epai hau ez dugula onartzen eta Espainiako epaile, fiskal, agintariak eta abar ez direla inor gu epaitzeko. Dena den, kontziente gara egoera hau ezin dela behin betikotu.

    Maitane Linazasoro: Gure egoera, eta egoera berean dauden gazteen egoera salatzeko. Ez gaituzte gure etxeetan aurkituko ez dugulako inongo zigorrik merezi. Lan politikoa egitea legezkoa eta zilegi beharko luke izan. Horregatik ezkutatu gara, gure desadostasuna azaldu, indarrak batu eta erabaki hauek lekuz kanpo daudela adierazteko.

    Hilabete bete da gaur, hain zuzen ere, ezkutatu zinetenetik. Hilabete luzea familia eta lagunengandik urrun, zuen egunerokotasunetik aparte…

    Lujanbio: Maila pertsonalean izugarrizko kostea eragin digu erabakiak, familia, bikote, lagun eta finean herriarekin dugun lotura erabat hausten baita. Baina maila politikoan, hartutako erabakiarekin konbentzituta eta egindako lanarekin harro gaude. Horrek ematen digu aurrera egiteko indarra.

    Linazasoro: Asko sumatu dut familia eta lagunen falta. Horiekin ezin komunikatzea gogorra da. Gainera, Gabonak izan dira, eta nostalgia berezi bat sentitu dut. Gure egunerokotasuna bukatu da, eta oso gogorra da hori. Baina ikaragarria da jasotzen ari garen babesa, eta horri esker eramangarriagoa da guztia. Muxu bana guztioi.

    Bilatze eta atxilotze agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Nola bizi duzue egoera hori?

    Linazasoro: Iritsi behar zuen zerbait zen. Zoritxarrez ez da egoera honetan aurkitzen naizen lehen aldia. 2008an antzeko egoera bizi behar izan nuen.

    Arkaitz Anza: Espero genuen zerbait zen bilatze eta atxilotze agindua ematea. Ez gaitu, beraz, ustekabean harrapatu.

    Herriko eragile eta norbanakoen babes zabala jaso duzue prozesu osoan zehar, baita epaia irmoa egin zenetik ere. Elkartasun adierazpenak etengabe izan dira. Zein balorazio egiten duzue?

    Lujanbio: Balorazio oso positiboa. Elkartasuna izugarria izan da lehen momentutik. Kartzelan sartu eta kolektiboaren (EPPK) babesa; kalean Askatasuna eta beste hainbat antolakunderena; guri eta gure senideei epaiketan zehar emandako sostengua; Eleak mugimenduak martxan jarritako Gure Etxeko Atea Zabalik Dute kanpainan jasotako babesa… Izugarria izan da.

        "Ez gaituzte gure etxeetan aurkituko, ez dugulako inolako zigorrik merezi”

    Anza: Elkartasun eta babes keinuak etengabeak izan dira. Une batez ere ez gara bakarrik sentitu. Honek guztiak indarra ematen du. Askotariko ideologietako eragile eta norbanakoek babesa ematea aurrerapauso ikaragarria da. Ea guztion artean eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izatea lortzen dugun.

    Gure Etxeko Atea Zabalik Dute ekimenak, zehazki, inplikazio handia suposatu du zentzu guztietan herritarrentzat. Espero zenuten halakorik?

    Linazasoro: Egia esan sekulako inplikazioa egon da: herriko gazteek indar erakustaldi itzela egin dute; gurasoek, ekimen ugari; auzipetu izandakoak gurekin egon dira; herriko jendea; eragileak… Eta nola ez, beraien etxeetan hartu gaituztenak. Herritar hauen inplikazio zuzena, elkartasun keinurik zintzoenaren adierazle da.

    Lujanbio: Orain arte emandako erantzuna ikusita espero genuen, beste behin ere, herriak tamainako erantzuna ematea. Egia da gure erabakiak ez digula guri bakarrik eragiten. Zenbait familiak beren etxeko ateak ireki behar izan baitizkigute ekimen hau aurrera ateratzeko. Nire bizitza osoan zehar eskertuko diet keinu hori familia horiei.

    Lan politikoa egiten jarraitzeko ezkutatu zaretela diozue. Baldintza horietan nola egin daiteke lan politiko hori?

    Lujanbio: Lan politikoarekin jarraitzeko ezkutatu ginen, baina kontziente gara zaila dela baldintza hauetan hori aurrera eramatea, eta ezin dugula egoera hau behin betikotu. Hala ere, modu batera edo bestera, gazte antolakunde berria, Zukgua, sortzeko prozesuan parte hartzen ari gara gure ekarpenekin. Bestetik, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua indartzeko lanean gabiltza, eta nik uste dut ekimen honek horretan lagun dezakeela.

        Elkartasun keinuak etengabeak izan dira. Une batez ere ez gara bakarrik sentitu”

    Linazasoro: Gure egoera salatzea, militantzia politikoa defendatzea eta horren aurkako jarrera publikoa egitea lan politikoa egitea da.

    Antolakuntzak etenik ez duela uler daiteke. Izan ere gazte antolakunde berria sortzeko bidean da, eta gazteak horretan ari dira buru-belarri…

    Lujanbio: Bai, hala da. 2012ko ekainean, Segi gazte antolakundeak desegiteko erabakia hartu zuenetik, gazte asko umezurtz gelditu gara. Egia da Segi ia bere sorreratik legez kanpoko taldea, eta ondoren, terrorista izan dela Espainiako Estatuarentzat, eta horrek bere ekinbidea izugarri mugatu duela, baina egindako lana hor dago. Orain, gazte antolakunde berri bat sortzeko garaia da. Gazte independentista eta ezkertiar guztien bilgune eta erreferente politikoa izango dena. Horretan ari gara Zukgua prozesuan.

    Linazasoro: Harrotasunez betetzen nauen zerbait da. Urteetan zehar gazteok errepresioa besterik ez dugu ezagutu. Hala ere, gazteon asmoak ez dituzte gelditu, ezta geldituko ere. Gazteon arazoei alternatibak eskaintzen jarraitzea, etorkizuneko jendartea aldatzea da. Aupa gazteak.

    Gazte antolakunde berria sortzen ari zarete, eta epaitegiek antolaketa edo mugimendu hori eteten darraite. Horren adibide, esaterako, aurten hamarnaka gazte epaituko dituztela da. Espainiako Estatuak gazte mugimendua kriminalizatzen jarraituko du?

    Linazasoro: Ez dakit. Inposatzen diguten ereduari uko egitea eta sortzen ditugun alternatibak ez zaizkie komeni, jakin badakitelako etorkizuna gu garela, eta gure ideiak gehiegi zabaltzen badira aldaketa bat egon daiteeela jendartean. Horregatik zigor eredugarriak ezartzen dizkigute. Hala ere, nik uste, eta espero dut jendartearen presioari esker, jarrera aldatzen hasi beharko dutela.

        Ezinbestekoa da eskubide zibil eta politikoen aldeko herri harresia eraikitzea”

    Lujanbio: Zalantzarik ez dut horretan jarraituko duela. Espainia estatu kapitalista den heinean, gazte aktibo eta konprometituak beti izan ditu eta izango ditu jomugan, garaian garaiko mekanismo eta aitzakiak baliatuta: ZEN plana, Y taldeak, Segikoa izatea… Guri dagokigu, herritarroi, horrelako erasoak gelditzea, estatuei kostu politikoa jasanezina bihurtzea horrelako eraso bakoitzaren aurrean. Horretarako, ezinbestekoa da eskubide zibil eta politikoen aldeko herri harresi bat eraikitzea, herritar bat gehiago, gazte bat gehiago ez dadin izan kriminalizatua, kolpatua, zigortua…

    Ondorioak kontuan izanda, hartu duzuen erabakiak merezi duela sinistuta zaudete?

    Lujanbio: Noski merezi duela. Segi gazte antolakundean militatu izana ezkutatzearen erabaki bezala hautu bat da, eta gu oso harro gaude hartutako hautuekin.

    Linazasoro: Epai hau onartzen ez dugula adierazteko modurik onena zela iruditu zitzaigun. Lan politikoa egitea eskubide bat da eta legezkoa eta zilegi beharko luke izan. Egoera honekin bukatu egin behar da. Gure erabakiarekin jendartea batzea eta arazoa jendartaratzea lortu badugu, merezi izan du.

    Zein mezu bidaliko zeniokete herriari orokorrean, eta bereziki Errenteria-Oreretako gazteei?

    Lujanbio: Lehenik eta behin, herriari eskerrak eman beharrean gaude adierazitako elkartasunarengatik. Horrelako erasoak gelditzeko bide zuzenean gaudela uste dut, eta horretan jarraitzera animatu nahiko nituzke. Eta gazteei bi gauza besterik ez. Alde batetik ez ditzatela sekula gaztetasunaren berezko ezaugarriak, (borrokarako grina, freskotasuna, errebeldia…) galdu. Eta bestetik, bestelako Euskal Herria eta Orereta bat eraikitzeko lanak merezi duela bene-benetan.

        Beti aurrera egiteko esan nahi diet gazteei, asko dugulako irabazteko”

    Linazasoro: Nik ere eskerrak eman nahi dizkiet denbora honetan guztian modu batean edo bestean babesa eta elkartasuna helarazi diguten guztiei, eta nola ez, bere etxeko atea zabaldu digutenei. Jendarte zati baten eskubide urraketak, jendarte osoaren eskubide urraketak dira. Herritarrok dugu hori aldatzeko giltza, eta denon artean lortuko dugu. Gazteei, antolatzea merezi duela esan nahi diet. Gazteok arazo komunak ditugun heinean, denon artean irtenbide egokiagoak topatuko ditugu. Zukgua prozesu eratzailean parte hartzera deitu nahi ditut eta beti aurrera egiteko esan, asko baitugu irabazteko. Bukatzeko besarkada bero bat helarazi nahi diet Euskal Herriko gazte auzipetu guztiei, eta baita gure senide eta lagunei ere.

    Oarsoaldeakohitza