• 14
    ABE
    2016
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    IRITSI DA EGUNA! Bihar hasiko dira, Gazte Asanbladak ere, azken hilabete hauetan eskuartean ibili dituen herrigintza topaketak. 

    Ondo gogoratzen badugu, maiatzean hasi zen dena. Biloreren inguruko batzarrera gazte gutxiegi azaldu ginela eta, urrengo astean Gaztetxean bertan antolatu genuen Biloreren eta topaketa hauen inguruko batzarra. Dexenteko kuadrila elkartu ginen, 30-40 gazte inguru, denok Biloreren berri jakin nahien, honen atzean zer zegoen ongi jakin gabe.


    Biloreren egoeraren berri izan ondoren, geroz eta garbiago genuen bistatik kendu beharra zegoela. Ingurugiroari eta paisajeari egiten dion kalteaz gain, ustelkeriaz beterik lantegi bat baitugu herri sarreran.
    Orduan jaso genuen ere, Abenduko topaketa hauen berri. Bai Donostia eta bai Austriako arkitektura ikasle hauek, Zaldibia herriaren diagnostiko eta lanketa sakonak egingo zituztela adierazi ziguten: herriko merkatuak, ingurugiroa, herri eragileak, elikadura, feminismoa eta bestelako gaiak jorratuz. Gazteok gai hauenganako interesa erakutsi eta segituan eman genuen gure baiezkoa eta babesa. Gazte talde bat bildu eta herriaren analisi bat egin ondoren, Zaldibian alternatibak eraiki eta aurrera pausoak emateko garaia dela hausnartuz.


    Nahiz eta oraindik ikasleen proiektuak sukaldatzen ari, badugu esperantza eta asmoa proiektu hauek tresna gisara erabiliz, Zaldibia pixkanaka burujabetzaruntz bideratzeko.


    Gazteak gara herri honen etorkizuna eta beraz, "Zer nolako Zaldibia" nahi dugun eztabaidatzeko unea da hau.
    Gazteon ardura izan da beraz, ikasle hauen lo lekuak, gosari eta afari zerbitzua Zubi Burun elkartean eskaintzeaz eta abenduaren 16an, ostiralean, egingo den Herrigintza Festa antolatzeaz.
    Kartelean ikus daitekeenez, iluntzean hasiko da festa Trikipoteoarekin, ondoren 22:30etan herritarrok antolaturiko Ekitaldia eskainiko da eta amaiera emateko Koban eta Huntza taldeen emanaldia antzokian. (sarrera 5 euro)

    Herritar oro antolatutako ekimenetan parte hartzera gonbidatzen dugu, gure kultura eta ohiturak erakusteko eta harremantzeko aukera paregabea baitugu.

    Aldez aurretik, mila esker lo lekuak eskaini dituzuenoi eta gosariak eta afariak prestatzen ibiliko zareten eragile ta norbanako guztioi.

    ZALDIBIA, berriro ere AUZOLANA eta HERRIGINTZAREN adibide.

    ZGA