• 11
    AZA
    2017
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    18:00etan abiatu da erronka ehunka zaldibitarren babesarekin. 26 orduz eta etenik gabe euskararekiko konpromisoak jositako soka-muturra bihar 20:00ak arte luzatuko da

    Arratsaldeko 17:00etan zaldibitarrak plazan genuen zita. Bertan bildu eta herriko txirulariek gidatuta Herri Antzokirainoko bidea burutu dugu euripean.

    Antzokian dena prest zegoen, oholtzaren ondoan ordulari handi batek erronkari ekiteko zenbat denbora falta den gogoratzen duen bitartean, Altzo Txikiren bertsoak eman dio hasiera ekitaldiari 17:40etan. Jarraian Izan Kantuzeko Saroi Jauregi, Official World Record elkarteko David Ventura eta Xanti Ormaetxea eskuturgile zaldibitarra. Ekitaldiari amaiera bi dantzarik agurra dantzatu dute. Denbora zegoenez ekimeneko Agustin Mujika eta Jon Luloagak bete lana burutu dute ordularian hasteko agindua eman arte.

    IZAN KANTUZ Saroi Jauregiren hitzetan:

    Mila esker etortzeagatik eta mila esker udako solstizioa ospatzeko alamartxoaren aurrean bota genuen erronkari heldu izanagatik. Nire ezkerrean Izan Kantuzeko ekimenaren sinboloaren sortzailea dugu Xanti Ormaetxea eta hor bere artelana. Nire eskuinean David Villa Official World Recordeko ikuskatzailea errekorra betetzen dugunaren fedatari lan taldea ordezkatzen du.

    Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko kantatzen zuen Negu Gorriak-ek, eta Mikel Laboak esan zigun, besteak beste, kantuz sortu zela, kantuz bizi nahi zuela, kantuz bidaltzen zituela penak ihesi, kantuz eman izan zituela zenbait berri, kantuz aitortzen zituela bekatuak eta kantuz ehorztea eta kantuz oroitzea nahi zuela hiltzen zenean.

    Izan ere, kantu batek balio dezake albiste on bat emateko, gerraren berri kontatzeko, maitasuna agertzeko, desamodioaz hitz egiteko, norbaiten jaiotza ospatzeko, norbaiten heriotza goxatzeko…

    Azken batean kantua gure izatearen parte da, eta baita gure hizkuntzaren eta kulturaren parte ere. Kantuak lotzen gaitu gazteak eta ez hain gazteak, emakumeak eta gizonezkoak, munduaren alde batekoak eta bestekoak…

    Kantugintza euskal kulturaren eta hizkuntzaren transmisio-bidea izan da. Hala ikusten dugu guk, bere etorkizuna irabazteko duen herri gisa,  belaunaldi arteko transmisio bide garrantzitsuenetako bat izan dela hain zuzen.

    Eta horregatik antolatu dugu IZAN KANTUZ herri erronka, ahotsez ahots, txandaz txanda, euskarazko kantuak bata besteari lotuz, munduan orain arte ikusi ez den bezalako herri-erronka gauzatzera goaz, herritik eta mundua osoarentzat IZAN KANTUZ.


    IZAN KANTUZ ekimena
    www.zaldibia.org/izankantuz
    izankantuz@gmail.com


    Ekimena STREAMING bidez ikusgai http://www.zaldibia.org atarian youtuberen bidez.

    LOTURA interesgarriak: