• 17
    URT
    2012
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Iztueta
    Iztueta dantza taldea

    Iztueta dantza taldea

    Juan Inazio Iztueta hil zela 150 urte bete zirenean, Zaldibiko dantza taldeen historia laburra biltzen zuen lan bat aurkeztu zuen Rufino Iraolak. Zaldibin herriko dantza taldean ibiliak diren gizonezko eta emakumezkoak asko direla kontuan izanda, historia labur horren berri ematea erabaki dugu lerro hauetan.

    Badakigu dantza-taldeetan ibilitako guztien izenak ez direla hemen agertuko, informazioa eskaini digutenek gogoratu ahala idatzitakoak baitira hauek; horregatik, eta aurrez barkamena eskatuta, Zaldibiko dantza-taldean ibili eta hemen ageri ez den norbait balego eskertuko genioke Kultur-etxean izena emango balu.

    Taldearen sorrera

    Badira 75 urte Zaldibin lehenengo dantza taldea sortu zela. Hauek ez zituzten Iztuetaren dantzak ikasten, beste batzuk baizik. Taldea osatzen zutenetako batzuk hauek dituzue: Martin Arotzaneko Lorenzo eta Inaxio Irastorza, Antsusietako Lorenzo Sukia (gero aguazila izango zena), Txuloko Santiago Izagirre (gero Deposituko Santio), Migel Marineko Julian Arrese, Mugertzako Telesforo eta Joxe Mendizabal, Segundo Agirrezabalaga "Amexketa" (Amerikanoa)... Hauen irakaslea nor izan zen aztarrenik ez dugu atera.

    Primo de Riveraren garaiak

    Pujana jauna ere, Iztuetaren heredentziarekin, iritsi zen Zaldibiara. Beste batzuen artean, honako hauek ziren Pujanaren ikasleak: Migel Marineko Joxe Arrese, Beheko Ermentariko Jaime eta Bixente Zubeldia, Anjel Imaz, Iturritzako Matias Mendizabal, Fabrikako Felipe Erauskin, Lizarrako Jesus Sukia,... Primo de Riveraren garaiko kontuak dira hauek. Entsaioak Etxabeneko ganbaran egiten omen zituzten.

    Errepublika garaia

    1933. urtean, Errepublika garaian, bi dantza talde zeuden Zaldibian, biak ere batzokiaren inguruan mugitzen zirenak, eta bata bestearen jarraipena zen. Bi batzoki ziren Zaldibian: bata Joan Kruzenean, gaur Joxepane dena, eta bestea Migel Marine tabernan, gaur egun Arrese Jatetxea. Dantzariak azkeneko honetan ibiltzen omen ziren. Buruzagi edo zuzendaria izendatu beharko bagenu, Joxe Arreseri emango genioke titulua. Honek prestatzen zituen taldeak, batez ere bigarrena.

    Lehen taldea

    Hona hemen talderik zaharrena edo lehenengoa osatzen zutenen zerrenda: Olakoerrotako Manuel eta Pedro Erauskin, Migel Marineko Joxe Arrese, Mugertzako Joxe Mendizabal "barberoa", Urtesabel Berriko Joxe Atxaga, Eskribauko Sebastian Mendizabal, Zelai Ederko Hilario Nazabal eta Txamarretxeko Migel Munduate. Hauen irakaslea, hasieran, Ordiziako Durango izan zen. Beasaingo batzokira ere joaten ziren lehen ikasitakoa sendotu eta puntu berriak ikastera.

    Gazteen edo bigarren taldea, aldiz, beste honako hauek osatzen zuten: Migel Marineko Joxe Mari eta Martin Arrese, Mirandako Martzial eta Antonio Garmendia (biskiak), Fabrikako Ramon Arrizabalaga "Amexketa", Joxe Mendizabal (Txikiaren aita), Zubialdeko Joxe Erauskin, Aztiako Felix Erauskin,... Batez ere, Aberri Egunetan eta horrelakoetan ibiltzen ziren gehienbat bi talde hauek. 1936. urteko Aberri Egunean 2.000 dantzaritik gora bildu omen ziren Donostian. Bestelako jaialdietan ere parte hartu izan zuten, batipat hemen Goierri aldean.

    HARREMANA