• 18
    URT
    2012
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    JAIAK

    Zaldibiako ospakizun eta festak jasoko dituen gunea.

    Santa Fe jaiak
    Urriaren 6an ospatzen dira herriko festak, udako festa denboraldiari agur esatearekin batera. Udazkeneko lehen ardiak egun hauetan hiltzen dituzte, eta hauen segoa porru eta arrautzekin nahastuz ‘Zaldibiako Mondejua’ egiten da.

    Ardiki eguna
    Urriaren azken igandean. Aurrez aipaturiko hesteki preziatuari, eta orokorrean artzaintzari, gorazarre egiten zaio. Mondeju eta Aralarko ardi gaztaren lehiaketa eta beste zenbait erakustaldi antolatzen da, eta eguerdian, mondejuz, ardi haragiz eta gaztaz hornituriko bazkari eskaintzen da.

    Saturdiko festa
    Pazko bigarrenean ospatzen da erromeri kutsuko festa hau. Trikitixa, bertsoak eta herri kirolak dira festaren ardatzak. Auzoko emakume eta gizonezko edadetuei ere oroigarri bat egiten zaie eta dantzarien aurreskua eskaintzen zaie.

    Alamartxo gaua
    San Joan bezperan Zaldibian, beste herrietan egiten den moduan, herriko plazan ospatzen da udako solztizioa. Plazan afari herrikoia egiten da eta bertan norberak ekarritako afaria edota Zubi buru elkarteak prestatzen duen marmitakoa, festa giroan afaltzen da. Ondoren, suaren inguruan, herriko dantzariek eta herritarrek prestatutako festa ospatzen da.

    Gazte Festak
    Uztailaren bigarren hamabostaldian ospatzen dira, hiru egunez. Bost urte badira ospatzen direla, eta udako giro onaz baliatuz, erabateko festa herrikoiak izaten dira.

    Txamarretxeko festa
    Uztaileko bigarren edo hirugarren larunbatean ospatzen dira. Auzo hau garai bateko artzain eta ‘errekardera’ askoren bizitokia izan da.

    Dantzari txiki eguna
    Iztueta Dantza Taldeak eta Zaldibiako Udalak elkarlanean udaberriaren inguruan herriko dantzariekin eta beste herrietatik gonbidatzen diren dantzariekin dantza festa bat antolatzen da, igandez. Dantza taldeen artean badago festa hau antolatzeko ohitura eta gonbidatuak diren herri horietan festa antolatzen denean aurretik gonbidatutako herriak ere parte hartzen dute. Zaldibian parte hartzen duten herriak honako hauek izaten dira: Nafarroatik Bera, Goierritik: Ordizia, Beasain, Lazkao, e.a. eta Gipuzkoatik Errenteria. Beste herrialdeetatik ere ordezkariak etorri izan dira.

    Baserritarren eguna
    Maiatzaren 15ean ospatzen dute San Ixidro eguna herriko baserritarrek. Festa xumea izaten da. Meza ondoren, bertsolarien laguntzarekin herrian buelta bat eman, eta elkarte batean bazkari bat izaten dute. Egun horretan, zenbaitetan, ekitaldi ezberdinak antolatu izan dira; 2002.urtean, esaterako, EBEL (Emakume Baserritarren Elkarteko ‘Baserriko Argia’ proiektuaren aurkezpena egin zuten eta antzezlan labur bat egin zuten. Egun horietan Joan Gorriti eskultoreak eginiko eskulturen erakusketa izan zen eta bertan zegoen Udalak erosi zuen maketa. Maketa hau da hemen azaltzen dena, eta gaur egun udaletxean dago ikusgai.

    Aiestaran Erreka auzoko festa
    Aiestaran Erreka auzoan, Santa Barbararen irudia dago eta abenduaren 4ean, Santa Barbara Egunean, herrian meza izaten da. Hilaren 8an, berriz, auzoan eta Lazkao Etxean auzotarren festa egiten da. Egun horretan auzoko edadetuenari oparitxo bat egiten zaio.

    Aralarko larreen irekiera
    Orain dela urte gutxi hasitako bideari jarraituz, Gipuzkoa aldeko Aralarko larreak irekitzen dira Larraitzen maiatzaren lehenean. Negua beheko baserrietan igaro ondoren, Amezketa, Abaltzisketa, Zaldibi eta Ataundik barrena, ardiak, behorrak eta behiak gorantz abiatzen dira, ordura arte bakardadean egon diren larreen bila.

    Mendira igotzeko abiapuntu diren Baiarrate, Errekabeltz, Olako Saroi, Larraitz, Larrondo prestatze lanetarako, ile-mozketarako, akainen aurkako bainuetarako, markaketarako... lekuak izanik, mota guztietako azienda sail ederrak biltzen dira bertan. Hori dela eta, Larreen Irekitze egun horrek berarekin duen festa giroa areagotu eta herritar guztiei zabaldu nahi izaten diote antolatzaileek, aziendarik ez dutenak ere ospakizun honetan gozatzeko modua izan dezaten.

    Hasierako festa hau, artzain, behorzale eta behizale guztientzat larrealdi on baten aurre ospakizuna izango den itxaropenean egiten da. Festa honen antolatzailea Eniriko Aralarko Mankomunitatea da.

    Emakumezko Langilearen Nazioarteko Eguna
    Sortu aurreko urteetan Nazioarteko Emakume langilearen egunean afaria antolatzeko ohitura bazegoen ere, 1995. urtean ekin zion Damixelak emakume taldeak talde bezala lan egin eta egun esanguratsu horretako antolatzaile izateari. Zortzi urte hauetan, otorduaz aparte, antzerkiak, bertsolariak, musikariak, kantariak eta hizlariak gonbidatu ohi izan dituzte Martxoaren 8ari halako ukitu bat emateko.

    HARREMANA