• 24
    API
    2013
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Liburuaren Nazioarteko Egunean hasita, eta ekainaren 30era arte, IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoa jartzen du martxan Topaguneak, Zaldibiako Udalarekin batera.

    Irakurri gozatu eta oparitu Euskaraz

    Irakurketa sustatzeko asmoz sortu den egitasmoa, Hego Euskal Herriko 24 herritan gauzatuko da 2013an, iaz baino 9 gehiagotan,  tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.

    Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko:

    1. Irakurri
    Lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea besterik ez da egin behar. Kanpainak dirauen bitartean, euskarazko liburua hartzen duen bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez.

    2. Gozatu
    Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun eta abar. Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

    3. Oparitu
    Azken pausua liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, %25eko deskontua izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan, edo %50ekoa euskara elkarteko kidea izanez gero.

    Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturarekin gozatzea eta gozaraztea dira, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

    Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:

    Euskara elkarteetako bazkideak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo izateko gonbitea egitea
    Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea
    Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.


    Hasiera, Liburuaren Nazioarteko Egunean

    ˜Irakurri, Gozatu eta Oparitu"  egitasmoa apirilaren 23an hasten da urtero, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, ekainaren 30ean izaten da: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak dira  liburu trukea sustatzeko.

    Esan bezala, 24 herrik hartu dute parte 2013ko edizioan, iaz baino hiru gehiagok:

    Araban: Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaitz, Zigoitia, Zuia
    Bizkaian: Derio, Ermua, Larrabetzu, Lezama, Mallabia, Portugalete, Sondika, Zamudio
    Gipuzkoan: Ataun, Beasain, Lazkao, Mutriku, Ordizia, Zaldibia
    Nafarroan: Gares, Lekunberri, Lizarra, Ultzama

    Aurreko urteetan ikusi denez, kanpainak eragin positiboa du herritarrek liburutegi publikoan egiten duten euskarazko liburu mailegu erabileran. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina ere kontuan hartzekoa da.

    Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatzen dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundien babesaz gain, honako argitaletxeen laguntza jasotzen du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.

    Lotura: Topagunea