• 10
    OTS
    2016
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Duela bost urte adostutako estrategia gaurkotuz, Zutik Euskal Herriaren potentzial osoa askatzea helburu duen prozesua osatzen ari gara. Datozen asteetan eztabaidagai izango dugun txostena hemen duzu ikusgai.

    ABIAN prozesuak orain arte egin duen ibilbidearen urratsak laburbilduz, esan bezala, azaroaren hasieran aurkeztu zuten Ezker Abertzaleko 300 kidek prozesuari ekiteko proposamena. Eta azarotik bertatik abenduaren bukaera arte zabaldu genuen “entzute fasea” deitu geniona, non Ezker Abertzaleko 9.000 kideren iritzi, ekarpen eta iradokizunak bildu genituen, tartean, noski, zaldibitarronak.

    Ekarpen horiek guztiak oinarri hartuta, gaur aurkeztuko dizuegun Eztabaidarako Txostenaren osaketa lanetan ibili da talde eragilea urtarrilean zehar eta, dagoeneko, txostena Ezker Abertzaleko kidegoaren esku dago.

    Oraintxe hasten da, beraz, ABIAN prozesuaren fase erabakigarria, “eztabaida fasea” deitu dioguna. Fase honen helburu nagusia? Ahalik eta kide gehienen parte-hartzean oinarrituta, proposatutako edukiak eztabaidatu, kidegoaren binkulazioa bilatu eta erabakiak kolektiboki hartzea.

    Txostenak bost atal nagusi ditu:

        - Lehenengo atalean, Zutik Euskal Herria ebazpenak ekarri zuen estrategia-aldaketatik gaur egun arteko ibilbidearen balantzea egiten da.
       -  Bigarren atalean, abagunearen azterketa motza jasotzen da.
        - Hirugarren atalean, Ezker Abertzalearen proiektu politikoaren eguneraketa egiten da.
       -  Laugarren atalean, proiektu politikoaren garapena ekarriko duen estrategiaren gaurkotzea azaltzen da.
       - Eta, bosgarren atalean, estrategia inplementatzeko egituraketa eta antolaketa berritzeko irizpideak jasotzen dira.

    Txostenaren osagarri gisa, lau eranskin ere osatu ditugu. Bata “Egun bizi dugun Euskal Herriaz” mintzatzen da; besteak “Ezker Abertzalearen erradiografia” egiten du; hirugarrenak, ABIAN prozesuaren entzute fasean jasotako ekarpen guztien laburpena jasotzen du; eta, laugarrenak, ABIAN txostenean erabili ditugun zenbait kontzeptu berrien “glosarioa” biltzen da. Eranskin horiek ez dira eztabaidarako txostenean jasotzen, noski, mardulegia litzateke, baina kidego osoaren esku daude ezkerabertzalea.info webgunean.

    Laster azalduko dugu Zaldibian noiz egin asmo diren batzarrak, baina bitartean jakin txostena eskuragarri duzuela interneten edo Joxepanen.

    Ezker Abertzaleko kidegoari deialdia egiten diogu, eztabaidan eta erabakietan parte-hartzera animatuz, guztion artean irabazlea den gure estrategiari ahalik eta etekin gehien atera diezaiogun.

    Eta, noski, bergogoratzea, euskal preso politikoek eztabaida eta erabakitze prozesu honetan parte hartzeko dituzten oztopoak salatzeko, otsailaren 20an espetxe guztietara egingo ditugun martxen deia zabalik dagoela (Zerrenda Joxepanen dago).

    Laster arte,

    Zaldibiako Ezker Abertzalea