• 08
    URR
    2014
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Bi munduren arteko kontrastea fitxetan jasoa

    Zaldibiaren eta herria osatzen duten herritarren historia osatuago dago. Iztueta kultur elkarteak Zaldibiko familiak liburua argitaratu du, eta bertako 70 sendiren berri jaso duten liburua aurkeztu dute.

    Hona Rufino Iraolak helarazitakoa.

    J. I. Iztueta Kultur Elkarteak herriko familia eta etxeen argazki zaharrak hartu, fitxa bihurtu, eta karpeta irekia osatu du, auzoka antondurik: Aiestaran Erreka, Arruegi,  Egileor, Elbarrena, Kale Etxeak, Olaeta, Urreta, Urtesabel eta Urtsu Erreka. Argazkiaz gain, etxearen eta etxe horretako familiaren historia labur bat ere agertzen da fitxan. Funtzionaltasuna da fitxa eta karpetaren sekretua. Oraingoz, 70 bat familiaren fitxak atera dituzte, eta J. I. Iztueta Kultur Elkarteak lanean jarraituko omen du, fitxa berriak osatu ahala, karpeta hazi eta gizentzeko. Inork ez dauka parte hartzeko obligaziorik, borondatezkoa da, baina, arduradunen ustez, ederra litzateke herriaren ikuspegi zabal bat, ahal bada osoa, izatea.

    Joan den mendearen erdi aldekoak dira argazkirik gehienak eta, hain zuzen, horiek dira gaurko bizimoduarekiko diferentzia markatzen dutenak, kontrastea nabarmentzen dutenak. Beti ez da gertatzen beste pertsona batzuk, gazteagoak, izatea partaide bizimodu berriaren partaide; maiz asko, txikitan nekazaritzan eta artzaintzan ibilitako jendea gero beste bizimodu bat egiten hasi zena. Badira bat baino gehiago astoa eta karroarekin Ordiziako azokara, txerri saltzera, joan izan zirenak, eta gaur egun, adibidez, interneten ondo asko moldatzen direnak.

    Erreportaje honetan atera dugun argazkia Kaoiko familiari dagozkio. Esaten dutenez, kaletik apartatuen dagoen baserria da, eta irispide okerrenak zeuzkana. Herrian bada esaera bat oso entzuna: «Distantziak eta bideak gorabehera, Koaikorik ez da inoiz berandu mezatara etorriko.

    Interesgarri iritzi diogu J.I. Iztueta Kultur Elkartea nondik datorren azaltzeari. Hauxe da historia, hitz gutxitan esan da:

    1972an, hamahiru laguneko talde bate Illati taberna hartu, ikastolarentzat dirua ateratzeko. 1980an, gauzak aldatu egin ziren: batetik instituzioen laguntza hasia zen eta, bestetik, Zaldibiako ikastola fusionatu egin zen eskola publikoarekin, eta horrela sortu zen Herri Eskola. Iilati, hasieran, 72-80 tartean, alokatu egin zen, baina gero salmenta ipini. Diruak antolatu eta sobratu zenarekin Iztueta Fundazioa sortu zen. Horrek eragozpen batzuk zituen bai funtzionamendu aldetik eta bai Administrazioarekiko, eta, azkenik, Kultur Elkarte bihurtu zen.

    Arduranduenek esan zutenez, orain karpetan ipini dutena badago, berez, elkartearen web gunean, baina oraindik jende asko dago sare sozialak erabiltzen ez dituen jendean, eta justifikatu ikusten dute karpeta eta fitxetan ateratzea.

    Informazioa biltzeko metodologia oso sinplea: familiako batekin hitz egin eta hark esandakoa jaso, euskara batuan ipini, baina zorrotzegi jokatu gabe, lizentzia batzuk hartuta, Zaldibiko kutsuari eusteko. Era berean, adierazi zuten herritarrek oso harrera egin diotela liburukiari eta «horrek animuak ematen dizkigu aurrera segitzeko».

    Mostra gisa, argazkian azaltzen den baserriaren deskripzio txiki bat zeharraldatuko dugu hemen:

    Koai Aiestaran Erreka auzoko baserri da, Arkakako bidearen gain aldean ikusten dena, Errekarte parean. Bertakoek diotenagatik, Kobaegi izena, ondoan dauden kobengatik dator, eta hain zuzen ere behean kobazuloa dagoelako.