• 17
    AZA
    2016
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Desagertarazi dute. Ez dago.  Umea nintzela erakutsi zidaten bertako pitzadura batean txoriek egina zuten kabia. 

    Iritzia: Aralar oreka galduta
    Aitor Garmendia zaldibitarrak Naizen plazaraturiko iritzi artikulua.

    Gerora, sarri egin izan diet bisitatxoa, ikusi izan dut kabia nola berritu izan duten eta  irrifarra ahoan, neure buruari galdetzen nion «aurten ere hemen zeate, noiztik hartzen ote dezue txoko hau zuen bizitoki?» Eurijasa eta haizeteetatik babestuta, azeri edo bestelako harrapakariak ez iristeko moduan, naturak berea duen orekan, txoritxoak irabazle ziren txoko horretan.

    Pasa den astera arte Aralarren Orabielgo txabolatik Goroskintxu aldera zegoen haitz-arteko pasabideaz ari naiz. «Zegoen» bai, jada ez baitago, aspalditxo honetan zeresana ematen ari diren Aralargo pisten lanek  birrindu dute. Niri erakutsi moduan, nik ere banuen seme alabei koxkorragoak egiten zirenean, naturaren pasarte hau erakusteko asmoa, baino ezin!

    Batzuentzat lanleku, beste batzuentzat kaleko zorameneko bizitzatik ihes egiteko paradisua. Bertako zelai, baso, leize, haitz eta aire garbiak preziorik gabeko altxorrak dira guztiontzat. Izan ere denok «gure» sentitzen baitugu. Aspalditxo honetan ordea, denona den horren gobernantzan, alde batekoen iritziak pisu handiagoa hartu du. Erabat ahaztu dute Aralarrekiko ikuspegi ezberdinak daudela eta Enirio Aralako Mankomunitatean parte garen herritar guztion iritziek balio berdina dutela.

    Pixka bat atzera eginez eta gaur egun dugunaren oso antzeko egoeran, 2003an Mankomunitateko 15 herriek eskatuta, Aranzadi Zientzia Elkarteak txosten bat egin zuen.  Legebiltzarrean ere aurkeztu zuten, baita momentuko talde parlamentario guztien adostasuna jaso ere. Txostenean behin eta berriz azaltzen da OREKA hitza, giza-jarduna eta naturaren arteko balantza. Sarri aipatzen dira, pistarik egin gabe diren lekuetan pistak egiteak ekarriko lituzkeen atzera bueltarik gabeko egoerak. Alternatibak ere planteatzen ditu, hementxe dago nire ustez gakoa, borondatea falta izan da hauei adarretatik heltzeko, eta horren ordez, erabat alde bakarreko planteamenduan, Aralarren 20 kilometro inguruko pista plana mahai gaineratu dute, eta honek, berarekin ekarri ditu tensio eta ezinegonak.

    Bestalde, jada eginak dauden pisten erabilera zein izan den ikusi dugu. Ez noa inongo sektoreri errua botatzera, gizakia bera baita aukera duenean eskua eman eta besoa hartzen duena. Kalean egunero ikusten ditugu antzeko jarrerak. Hori bai, mahai gainean jarri duten «Pistetan ibili ahal izateko, behor bat izatea nahikoa da» planteamentuak ez du batere laguntzen naturarekiko orekan.

    Instituzio, talde politiko eta Mankomunitateko partaideek ardura zuzena dute gaia ondo kudeatzen, Aranzadik markatu moduan mendiarenganako errespetua oinarri hartuz, 2003ko Egitamu planean sakontzea tokatzen da eta aurrera eramaten diren erabakietan adostasun maila handiagoak bilatu beharrean daude.

    Aralarrek hori eta gehiago merezi du!

    Aitor Garmendia zaldibitarra naiz-en plazaraturiko iritzia 

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.