• 15
    OTS
    2020
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Iruña-Veleia, komunikabideetan aurkituko ez duzun informazioa

    HERRITARRON TXOKORAKO GAIA Joxe Ramos Irastorzak Iruña-Veleia epaiketaren harira gai honen inguruko hainbat informazio helarazi digu, eztabaida zabaldu eta  berau zabaltzeko helbururarekin.

    Iruña-Veleia epaiketaren lehen astea: hedabideetan nekez aurkitzen ditugun 10 berri

    1) Gilen defentsak epaiketa balio gabe uztea eskatu zuen hasieran, grafitoen zaintza-katerik ez delako egon, piezak kereila jartzailearen (Arabako Foru Aldundia) esku egon direlako  gaia judizializatu zenetik, eta hainbat eskutatik pasatu direlako. Baina epaileak ez du epaiketa deuseztatu nahi izan.

    2) 2007an aztarnategiko lana utzi eta 2009an Escribano eta Gil salatu zituzten hiru arkeologoek beren deklarazioetan esan dute grafitoak benetakoak zirela pentsatzen zutela lanean ibili ziren bitartean. Grafitoen aurkezpen publikoen ondoren,  Apellanizek eta Crespok elkarrizketak egin zituzten Arabako bi irrati ezberdinetan, non  aurkikuntzen ekarpen distiratsuak goraipatu zituzten. Berjonek esan zuen ez zela iritziz aldatzen hasi 2009an Batzordearen txostenak irakurri arte.

    3) Aste honetan deklaratu duten pertsonetarik inork ez du esan grafitoak faltsuak zirela susmatzen zuenik Lurmenentzat lan egiten zuten bitartean.

    4) 1.110 grafito inguru daude katalogatuak berezien eta arrunten artean (400 bat berezi eta 700 arrunt). Horietatik %20 in situ koordenatuak (berezien eta arrunten proportzioa berdintsua da). Arkeologoen adierazpen gehienek diote ez zituztela ikusi ez bereziak eta ez arruntak, banaka batzuk kenduta.

    5) Gehienek deklaratu dute piezak buztin itsaskorrez eta askotan kostraz inguratuak zeudela eta oso zaila zela inskripzioak ikustea.

    6) Gutxienez hiru grafito berezi ikusi dira lurretik irteten edo handik denbora gutxira, horietako bat euskarazkoa. 1.- Abecedario osoa, 15542,  (Henar Cebrián eta Daniel Valloren adierazpenak). K, Y eta Z letrak ditu, ezinezkotzat joak Batzordeko filologoen aldetik. 2.- Xabier Reparaz arkeologoak esan zuen Leonidas (Esparta-ko erregea) jartzen duen ostraka aurkitu zuela. 3.- Hilobiratze baten gainean zegoen platera, IAN / VAN ZVTA, 15565,  jartzen duena, goizean aurkitu zen eta eguerdian garbitu jende askoren aurrean.

    7) Jose Manuel  Tarriño arkeologo eta marrazkilariak, balizko Descartes marrazteko ardura zuenak, inskripzioa argi bereziaz eta hamar aumentoko lupaz ikuskatu ondoren MISCART jartzen duela deklaratu zuen eta ez Descart.

    8) Jose Manuel  Tarriño berak deklaratu zuen hainbat esku ezberdinek eginak direla grafitoak. Oso marrazki zehatzak daudela, emakume-aurpegien miniaturak adibidez, benetako artelanak, aurpegiko keinuak ere adierazten dituztenak. Badira, berriz, oso sinpleak eta baldar samarrak.

    9) Lurmeneko kanpo administrariak, Iker Filloyk, deklaratu zuen Lurmenek Euskotrenekin sinatutako hitzarmena ez zegoela inola ere emaitzen menpe. Lurmen solbentea zela ekonomikoki. Auditoriak egiten zitzaizkiola urtero enpresari bere borondatez. Euskotrenekin zuen hitzarmena ez zela bere diru-iturri bakarra. Baita deklaratu zuen Cerdani oso-osorik ordaindu zitzaiola fakturen kopurua (epaiketan erakutsi ziren fakturak). Beraz, ez zen dirurik geratu Lurmenen eskuetan, Aldunditik jaso zuena eta Cerdani ordaindu zitzaiona kopuru bera izan baitzen. Ondorioz, ez zen estafarik egon, Gili egozten zaion delituetariko bat. Bitxia da ez zela kazetaririk agertu egun horretan eta administrariaren agerraldia ez dela hedabideetan islatu, inportantzia handikoa izan arren.

    10) Bitxikeria gisa, hiru arkeologoetariko batek gogoratu zuen elefante baten marrazkia agertzen dela grafito batean (11415), eta hori ezinezkoa dela paraje hauetan. Kasualitatez, egun berean Pello Eizagire ikerleak Ama Ata blogean, 1886. urtean Iruña-Veleian eginiko aurkikuntza bati buruz diharduen agiri bat erakusten zuen, non elefante bat agertzen den txanpon batean, iruzkin honekin: “Anverso. CAESAR. Elefante comprimiendo con los pies una serpiente”.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.

Gaiak

banner idatzi

Boletina

ZaldibiaTB