• 09
    MAR
    2012
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Ongi etorri zaldibia.org!
    Eider Jauregi

    Informazioa eta komunikazioa oinarrizkoak ditugu gure bizitzan,  datuek, gertakizunek, hitzorduek…. osatzen dute informazioa eta pertsonen arteko ezinbesteko ekintza da, berriz, komunikazioa, informazio hori elkarren artean zabaltzea, alegia.

    Inguruko zein urrutiko informazioa helarazten digute egunero kontsumitu ohi ditugun komunikabideek: egunkariek, irratiak, telebistak, interneteko webguneek…. Baina gure auzokoen, bizilagunen, seme-alaben edota ezagunen inguruko berriak, horiek egin asmo dituzten ekimenak edo esfortzuz erdietsitako lorpenak ez dira horietan agertzen gehienetan. Albiste “txikiegiak” dira komunikabide handietan agertzeko, gure bizitzan interesgarrienak edo gertukoenak izan daitezkeen arren.


    Horregatik, martxoaren 9 honetan aurkeztuko den Zaldibia.org atariak gure arteko komunikazioa hobetu nahi du, norberak egiten dituen gauzak albokoei jakinarazten lagundu eta gure ingurukoen berriak gugana iristea erraztu.


    Zaldibia.org atarian irakurrita jakin dut, adibidez, Berdillari eta Kuku Euskal Herriko Mus Txapelketako final nagusian izango direla martxoaren 19an Arbizun; baita Zaldibiko Herri Kirol taldeak entrenatzeko lokal bat lortu duela Tejerin ere. Gustura ikusi ditut, gainera, Iztueta Dantza Taldeak zintzilikatu dituen garai bateko dantzarien argazkiak eta erabat harrituta geratu naiz Zaldibia Telebista eta guzti dugula ikustean!


    Herriko informazioa bilduko duen ataria dugu eskuartean, elkarren berri izaten lagunduko diguna; eta horregatik, garrantzitsua da guztion artean egitea. Herriko talde eta ekimen guztiek dute euren txokoa webgunean, baina bada edonork idatzi dezakeen atala ere: Herritaren Txokon.


    Baliatu ditzagun teknologia berriak eta komunikazio bide digitalak, ahoz ahoko informazioari beste euskarri bat emateko; jarri dezagun sarea herritarron zerbitzura eta berreskura dezagun komunikazioa: elkarrekin informazioa partekatzeko ariketa.

    Eider Jauregi

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.