• 21
    ABE
    2012
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Pala jokalaria da Maddi Mendizabal
    Maddi Mendizabal gaztea

    Maddi Mendizabal (Zaldibia, 1993) Euskal Filologia ikasten ari da Gasteizen, baina, denbora librean pala jokalaria da. Hemen duzue GOIBERRI aldizkarian plazaratutako artikulua.

    Hamahiru urte ingururekin hasi zen lehen aldiz palan jolasten, eskolarteko txapelketa batean, eta orduan piztu zitzaion pala jokoarekiko zaletasuna.

    Palan baino lehen herriko pilota eskolan ibili zen, baina, «mutilek adin batetik aurrera indar gehiago dutelako eta diferentzia handiak sortzen direlako» utzi zion pilotan jokatzeari, eta pala munduan probatzen hasi zen. Orduan, Ataungo emakumeen pala taldean hasi zen entrenatzen. Egun, Irurako (Gipuzkoa) zortzi laguneko neska talde batekin entrenatzen du, ostegunero.

    Berak azaldutakoaren arabera, «txapelketa mota asko daude urtean zehar». Orain Euskal Herriko txapelketa jokatzen ari dira abendura bitartean, eta dagoeneko sei partida inguru jokatu ditu. Uda garaian hasten den txapelketa da hau, eta herrietako festetan jokatzen dira, batik bat. Partidetan denek denen kontra jokatzen dute eta ez da txapelketa jarraia; asteburuero egiten dira finalerdia eta finala.

    Ordizian Gipuzkoa mailako Emakumea Pilotari txapelketa hasi zen duela pare bat aste. «Bost jardunaldi inguru izaten dira hauek, eta gero finalerdia eta finala izaten dira eta denok denon kontra jokatzen dugu binaka» dio Maddik. Txapelketa honetan Hernaniko Goiatz Manzisidor du bikotekide. Partida hauek larunbat arratsaldero izaten dira. Urtarrilean, Euskal Herri mailako Liga Vasca hasten da.

    Aipatutako txapelketa horiek guztiak Gipuzkoako Federazioak eta Euskal Herriko Federazioak antolatutakoak izaten dira, baina, horiez gain, txapelketa pribatuak ere egiten dira. Esate baterako, Sakanako Mankomunitateak Etxarrin (Nafarroa) antolatzen duena.

    Partidak asteburuetan jokatzen dituzte, eta horrek parrandaren bat edo beste galtzera behartzen du zaldibiarra. Horregatik, aurten ez da urri hasieran hasi zen Gipuzkoako txapelketara aurkeztu, «txapelketa herriko festekin batera tokatzen zelako eta beste urteren batean ere festetako parrandaren bat galdu behar» izan duelako partidengatik.

    Palan ezezik, trinketean ere aritzen da Mendizabal. Martxotik aurrera hasten da trinkete txapelketa. Baina «entrenatu ahal izateko leku gutxi dago inguruetan, kirol honetan jokatzeko behar den frontoi mota bereziagatik». Hala ere, «trinketean baino, palan gusturago» aritzen da.

    GOIBERRI