• 14
    MAR
    2013
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Atez ateren gaian, beldurra sortzea egotzi die Bilduk EAJri eta PSE-EEri
    Goierriko Bilduren agerraldia

    Errauste planta «inposatzea» leporatu dio Bilduk EAJri; «eta guk ez dugu eraiki nahi; ez ditugu finantzak hipotekatu nahi, ez dugu ingurumena kutsatu nahi, ez dugu osasunaren aurkako erabakirik hartu nahi. Hiri hondakinak biltzeko Bilduren eredua merkeagoa eta osasungarriagoa da».

    Duela egun batzuk Ordiziako eta Lazkaoko EAJko zinegotziek atez ateko bilketaren aurka Bilduri leporatu zizkiotenei, herenegun erantzun zien koalizioak. Lazkaoko zinegotzi Kepa Goenagak eta Beasaingo zinegotzi Zezilia Herradorrek esan dute EAJren adierazpenak ez direla zuzenak, eta Bilduren kudeaketarekiko zein herritarrekiko «mespretxu jarrera» salatu dute. EAJren eta PSE-EEren estrategia politikoa «informazioa ezkutatuz edo desitxuratuz gizarteari beldurra sortzea» dela dio koalizioak.

    Spora enpresa kataluniarrak egindako azterketaren berri otsailaren 27an jaso zuten bi herri horietako eta Ataungo udal ordezkariek, Bilduren arabera. «Gezurra da, beraz, EAJk prentsaren bidez izan zuela horren berri. Azalpenak aldi berean eman dizkigute denoi, beste herrietan egin den bezala».

    Azterketan parte hartzen utzi ez izana salatu zuen, bere garaian, EAJk. Azterketa teknikoa zela gogorarazi zio Bilduk. «Argi eta garbi utzi nahi dugu politikariok ez dugula teknikoek egindako lana manipulatzeko eskubiderik. Beste batzuen ohitura hori bada, Bildurena ez». Spora «estatu mailan hondakinen kudeaketan esperientzia eta prestigio oso handiko» enpresa da, eta zortzi hilabete behar izan ditu azterketa lana burutzeko.

    Hondakinak atez ate biltzea garestiagoa dela azaldu du Bilduk. «Soilik bilketa da %40 garestiagoa, eta Bilduk ez du hori inoiz ukatu. Baina sistema berriaren parametro guztiak aintzat hartuta —bilketa, tratamendua, diru sarrera eta azpiegiturak— parekoa edo merkeagoa da. Eta lanpostuak sortzen ditu, EAJk azaldu ez duen elementu garrantzitsua».

    Itsasondokoaren atzean
    Itsasondoko datuak ezkutatu izana ere leporatu zion EAJk Bilduri. Hori esatea «tamalgarria» dela esan du koalizioak, «atez atekoaren garapenean eskualdeko lehen herria izan denean. EAJk jarri zituen oztopoen ondorioz jarri zen Itsasondon zati bakarreko atez ateko sistema, asmo handiagoko proiektua izan arren».
    Bestetik, atez atekoa ezartzea erabaki duten herrietan EAJk «egitera deitu duena» boikotarekin parekatu du Bilduk. Hala iradoki du, behintzat, alderdi jeltzalearen akusazio horri erantzutean. Aurreko agintealdian atez ateko bilketa nahi zuten udalerriei «betoa» jarri ziela ere gaineratu du Bilduk.

    Azkenik, errauste planta «inposatzea» leporatu dio Bilduk EAJri; «eta guk ez dugu eraiki nahi; ez ditugu finantzak hipotekatu nahi, ez dugu ingurumena kutsatu nahi, ez dugu osasunaren aurkako erabakirik hartu nahi. Hiri hondakinak biltzeko Bilduren eredua merkeagoa eta osasungarriagoa da».

    «Boto batzuk» eskuratzeagatik EAJk «herri konfrontazioa» sustatu nahi duela azaldu du Bilduk. Horren parean, koalizioaren apustua «ideiak partekatzea eta ereduak alderatzea» da. «EAJk atez atekoa baino bilketa eraginkorragoa balu esango luke. Baina ez dauka, eta hori ezkutatu nahian dabil, jendea nahasiz».

    GoierrikoHitza