• 16
    API
    2017
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Aberri Eguna 2017. Gernikatik independentziara!

    2017ko Aberri Eguna apirilaren 16an izango da, eta 26an Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena. Bi datak elkarlotuz aurtengo Aberri Eguna Gernikan ospatuko dugu. Askatasuna eta bakea... Euskal Herriak ERABAKI! lemarekin GERNIKA BATZORDEAk eta INDEPENDENTISTAK Sareak antolatuta.

    Estrategia genozida baten baitan burututako gizateriaren aurkako krimena izan zen Gernikako bonbardaketa. Baina Gernika eta sarraskia hain gordin erakusten duen Picassoren "Guernica" margolana askatasunaren eta bakearen ikur bilakatu dira mundu osoan eta, batez ere, euskal herritarron artean. Sarraskitik, sufrimendutik eta injustiziatik askatasunera egiten du jauzi Gernikak. Hondamendiaren erdian, herri libre batera berarekin hegan egiteko deia luzatzen digu "Gernikako txoriak". Gernikatik independentziara.

    Uste dugu Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena Euskal Herriaren etorkizunari buruzko hausnarketa sakona egin eta urratsak zehazteko unea dela. Euskal Herrian zehar burutzen ari den herri galdeketa prozesuaren erdian ospatuko dugu aurtengo Aberri Eguna. Erabakiaren garaian bete betean sartuta gaude eta ordua iritsi da menpekotasunezko iraganari loturik mantentzen gaituzten kateak apurtu eta etorkizunera jauzia egiteko. Dependentziaren kalteak egunero nozitzen ditugu eta geure buruaren jabe izatea ezinbestekoa da gure herriaren etorkizuna eraikitzeko arlo guztietan: politikoan, ekonomikoan, sozialean zein kulturalean.

    Katalunia eta Eskozia independentziara bidean urrats sendoak egiten ari dira eta guk ezin dugu tren hori pasatzen utzi. Euskal Herriarentzat ere argi dago zein den alternatibarik onena: estatu propioa eratu eta lehen Euskal Errepublika Independientea proklamatu. Horrexegatik, Aberri Egunean gure prozesu soberanista bultzatuko duen gehiengo sozial independentista herriz herri aktibatu eta eratzeko deia egiten dugu.

    Sigla politiko eta sentsibilitate zehatzen gainetik apirilaren 16an gernikako Aberri Egunean parte hartzeko deia egiten diegu euskal herritar guztiei, denok batera "Gernikako txoria" paparrean, iragana oroituz, etorkizuna eraikitzeko konpromisoa konpartitzeko eta lau haizeetara argi eta garbi esateko: Euskal Estatu demokratiko eta sozialari BAI! Euskal Errepublikari BAI!

    EGITARAUA
    Aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu Aberri Egunak, eta egun osoko egitaraua izango da. Aldarrikapena izango da nagusi eguerdiko 12etan Udaletxeko Plazan hasiko den manifestazioan eta amaieran Pasealekuan burutuko den ekitaldi politikoan.

    Ondoren, ospakizunaren txanda etorriko da eta, jai giroan, egitarau zabala izango da Gernikan gauera arte. 15:30etatik aurrera Pasealekuan bertan erromeria izango da eta ondoren kontzertuak gauerarte. Merkurio Plazan haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute Irrriek Lagunek 16:00etatik aurrera.

    Jateko eta edateko aukera ere izango da Pasealekuan. Ekitaldia amaitu bezain laster txosna handi bat eta janarien karpa zabalduko dira. Ohiko bokatez gain, bertan erreko diren 2.000 euskal oilasko-izter dastatzeko aukera izango du jendeak.

    www.independentistak.eus