• 18
    MAI
    2017
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Kartzeletara elkartasun martxak

    Larunbatean, 12:00etan, espetxe atarietan ekitaldiak antolatu dira. Goierritik hiru autobus joango dira. Gaur da izena emateko azkeneko eguna, Kalera Kalera dinamikaren barruan eta Euskal Udaberria kalera goiburupean antolatu dira elkartasun martxak..

    Ezker Abertzaleak Kalera Kalera dinamikaren barruan eta Euskal Udaberria kalera goiburupean, larunbatean, Curtis, Fleury, Picassent, Puerto, Roanne eta Saint Maur espetxeetara martxak egingo ditu «Euskal preso politikoak urrundu zituztela 30 urte betetzen direnean». Larunbatean, 12:00etan, ekitaldiak egingo dituzte kartzela aterietan.

    Goierriren kasuan, Curtisera (A Coruña, Galizia), Picasentera (Valentzia, Herrialde katalanak) eta Puerto de Santa Mariara (Cadiz, Andaluzia) joango dira hiru autobusetan. Curtisera (600 kilometrora) zaldibiarrak, itsasondoarrak eta legorretarrak joango dira; autobusa 03:30ean aterako da Zaldibiatik; bertan dago Oskarbi Jauregi presoa. Beasaindarrak, ordiziarrak, lazkaotarrak eta ataundarrak Picassentera (600 kilometrora) joango dira. Ordiziako Eroskin dute hitzordua, goizaldeko 02:30ean; Mikel Azurmendi, Ainhoa Barbarin eta Idoia Mendizabal (umearekin) daude bertan. Puerto Santa Mariara (1.000 kilometrora), azkenik, legazpiarrak, zumarragarrak, urretxuarrak, idiazabaldarrak, segurarrak, zegamarrak eta ormaiztegiarrak joango dira; ostiralean, 22:30ean aterako da autobusa Ormaiztegitik. Arkaitz Saez eta Xabier Zabalo preso goierritarrak daude bertan.

    Izena eman behar da

    Autobusetarako aurrez eman behar da izena; bihar da azkeneko eguna. Antolatzaileek diotenez, martxan parte hartu ezin dutenek ere badute martxarekin bat egiteko aukera, autobus bidaiak ordaintzeko laguntza bonoak erosiz.

    Goierriko Hitzatik hartutako albistea