• 17
    UZT
    2017
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Akaitz Jauregi: Magia da arrauna, indarra baino askoz gehiago
    Akaitz Jauregi

    Zaldibiakoa —eta lehorrekoa— izanagatik, hirugarren denboraldia du Akaitz Jauregik (Zaldibia, 1977) San Pedro arraun taldean. TKE maila gorenean ari da aurten, iaz igota. Arraunaren gozoa eta zaila ezagutu du. Hona Goierriko Hitzak egindako elkarrizketa osorik.

    Hirugarren denboraldia duzu San Pedron. Nolatan hasi zinen arraunean?

    Kanpinetik, lehen San Pedron ibili zen Joseba Larrarte villabonarra ezagutzen nuen. Urteak utzita egon eta gero, Orioko jaitsierarako elkartu ziren lehen ibilitako arraunlari batzuk. Niri ere parte hartzeko esan zidan, eta handik hasi ginen. Ontzia txukun joaten zen, eta astean bitan entrenatzen hasi ginen, San Pedron. Entrenatzailearekin hitz egin, eta bigarren taldean sartu nintzen. Mailaz igo ginen 2015ean KAE1era, eta iaz berriro.

    San Pedro berriz TKE maila gorenean da, Eusko Label Ligan.

    Bai. Lehen ekipoko entrenatzaileak esan zidan neguan gogor egiten banuen, taldean aukera izango nuela. Hori goxoki handi samarra da, segitzeko. Negu oso-osoa aritu naiz horiekin, eta ordezko nabil. Arraunketa diferente samarra egiten dute lehenengo eta bigarren ontziek.

    Zaletu bezala, beti izan al zara San Pedroren jarraitzailea?

    Kasualitatez, gu hemen San Pedrokoak izan gara. Herriko praktikantea, Maria, pasaitarra zen, San Pedrokoa. Morea, Libia, beti gustuko izan nuen, 11-12 urterekin. Villabonako lagunak eta haiek baino zaharragoak ere San Pedron ibili ziren, joera zuten. Kotxez joateko ere, eskuragarriena San Pedro egongo da.

    Ez da edozein klub, edozein moduz. Historikoa. Traineru horretan aritzea berezia al zaizu?

    Bai. Beteranoekin hasi nintzenean arraunean, Mikel eta Joseba Martin anaia bikiak, Pasaiakoak, zebiltzan. Niri Mikelek erakutsi dit arraunean. Haiek dena irabazi zuen San Pedro hartakoak ziren, 1992-93-94koak. Kontxa, errekorrak… Gero eta gehiago ari naiz jabetzen zer jende handia zen garai hartan; 20-21 urteko mediarekin, gainera, oso gazteak. Lehenengo ergometroak orduan ikusi zituztela esaten dute; dena itsasoan egiten zuten.

    Zer aurkitu duzu arraunean?

    Magia. Dena da magia: neurriak, teknikak, haizeak nondik jotzen duen, olatuak… Aldagai mordo bat dago. Indarra ere behar da, noski, baina hori baino askoz gehiago da arrauna. Arraunlarien bataz besteko pisua asko jaitsi da; lehen mutil handiak ziren, kristoren giharreekin —mutilak diot, mutilak bakarrik zirelako lehenago; orain, zorionez, neskak ere badabiltza—. Ergometroekin-eta ikusi dute, bizikletan bezala, kiloen eta potentziaren arteko erlazioa dela garrantzitsua. Orain, oso preziatuak arinak dira, 70 kilokoak eta indar asko egiten dutenak. 90 kiloko batek, proportzioan, kilopotentziak berdintzeko astakeria bat tiratu behar du, eta ez du ematen.

    «Preziatuak arraunlari arinak dira orain.
    Batez besteko pisua asko jaitsi da»

    «Estropadan, lehen bi minutuak agonia dira.
    Geldirik ez egotetik dena ematera zoaz»

    Pisua arerio handiena, beraz. Zerorri 20 kilo galdua zara.

    Ikaragarri. Jana, elikadura, dieta… Lagunak ikustera joaten direnean, harrituta gelditzen dira zer jende iharra den. Ondarroan, adibidez, orokorrean handiak dira, eta, horregatik, lehenengo bi luzeak beldurgarriak dauzkate. Gailegoak, beste aldera. Aresekoek 72 kiloko media dute.

    Potentzia-kilo oreka onena nola lortzen da?

    Ez da erraza. Asko entrenatuta. Denetako teoriak aditzen dira. Erlazio hobea arinek ematen dute, baina uretan pisuak azkarrago joaten dira. Arina ondo dago, baina tiratu behar den garaian, indar hutsa ere ona da. Pisua galtzen denean, nerbioa ere galtzen duzu. Prestatzaileek gorputzeko gantza neurtzen dute asko.

    Zenbatero entrenatzen duzue?

    Azarotik aurrera, astean sei entrenamendu, normalean. Eta pisuarekin komeriatan gabiltzanek, zazpigarrenean ere zerbait egin behar: bizikletan ordu pare bat, korrika ordubete edo mendian suabe-suabe, baina ibili. Gimnasioa ere egiten dugu, indarra lantzeko. Neguan, ergometroa dezente egiten da, uretan gutxixeago.

    Eguraldiaren arabera?

    Ez, ez. Txingorra eginda ere, uretara. Azarotik aurrera, larunbat eta igande goizetan itsasora, normalean. Azaroan astean bi egunetan hasten gara uretara, abenduan hirutan, urtarrilean lautan… Hiletik hilera egun bat gehiago sartuz. Apirila eta maiatza dira gogorrenak.

    Beste kirol batzuk ere probatua zara; bizikleta, herri kirolak, korrika. Kanpotik dirudien bezain gogorra al da arrauna?

    Azkenean, atletismoan 800 metro egindakoek ere lurrean bukatzen dute. Gorputzari muga bilatzen diozunean, bilatu diozu. Oso gogorra da arrauna, agonia bat. Lehiaketa bera oso arraroa da; normalean 20 bat minutuko lana da, eta irteera geldi-geldi egotetik gehienera izaten da. Hala egiten dute, gainera, ez dakit zergatik. Segituan, dena ematera. Irteera hain da indartsua, hain desatsegina, 30. segundotik hasi eta 2. minutura arte agonia izaten dela. Ontzitik jaitsi nahi duzu, ‘ez dut gehiago arraunera etorri nahi’ esaten duzu. Gero, 2-3 minututik aurrera ere agonia erabatekoa izaten segitzen du, baina gorputza egiten da.

    Gorputzak non sumatzen du?

    Eskuetan eta ipurdian. Gure ipurdia erakusterik ez dago; lotsagarri. Batez ere itsasoan olatuekin ibilitakoan, gorputzari gehiago eutsi behar diozu eta. Ez gara eserita joaten, enkajatuta baizik, ez mugitzeko. Ipurdiarekin indarra egiten da.

    Eta hala ere, segi. Merezi al du?

    Bestela ez legoke hara joaterik [barreak]. Edo asko gustatzen zaizu, edo ez da posible. Gutxiago hemendik hara. Entrenamendu bakoitzak lau-bat ordu suposatzen dit. Lehorreko entrenamenduak hemen [Zaldibian] egiten ditut. Niretzat merezi du, dudarik gabe. Nik kirolik maila honetan ez dut sekula egin. Konturatzen zara kirola oso berekoia dela, kirolariaren bizia oso berekoia da. Ordu asko dira; norberarentzat ez, norbera gustura ibiltzen da. Baina ingurukoentzat bai, familiarentzat, lagunekin moztu behar… Noski, hau dena daukadan familia daukadalako egin dezaket. Bestela ezin da.

    TKE ligan, pertsonalki zer paper egin dezakezu aurten?

    Ni TKEn egotea nahiko karanbola dela uste dut. Badakit kirol maila, bai fisikoki, bai teknikoki, oso mugatua daukadala. Ibaian, ur barean, txukun samar moldatzen naiz. Baina itsasoan… Entrenatzaileak 25 urte darama, umetatik. «Sentitu egin behar dik itsasoa!» esaten dit. Sentitu? Berak bai, baina nik zer sentitu behar dut? Garbi esan dit uztailean seguru asko ez dudala arraunik egingo. Taldearen helburu nagusia mailari eustea da, eta zail dago. Lehenengo bi-hiru-lau postuetatik behera berdintasun ikaragarria dago. Aurreneko estropadan sei ontzi 7 segundoan sartu ziren. San Pedrok orain puntu batzuk ziurtatzen baditu, abuztuan edo hasiko nintzateke.

    Egotea bera nahiko meritu?

    Bai. Gaur egun, San Pedro eta besteak Hondarribia, Urdaibai eta Kaikurekin konparatzea, Alaves Barçarekin konparatzea bezala da. Etxeko indarrarekin ari dira, eta horregatik dute meritu ikaragarria taldeok.

    Goierriko Hitzatik hartua