• 23
    ABU
    2017
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    1967-68 ikasturtean hasi zuen ibilbidea Zaldibiako ikastolak, 1981era arte. Partaide izandako guztiek bazkaria egingo dute irailaren 17an. Erakusketa ere antolatu nahi dute, orduko gaiekin

    Zaldibiako Iztueta Ikastola sortu zeneko 50. urtemuga irailean

    Zaldibiako Iztueta ikastola 1967ko irailean hasi zen. Maria Rosario Mendizabal izan zen lehenengo irakaslea, eta zazpi-bat haurrekin hasi zen euskarazko irakaskuntza herrian. Arantxa Etxeberria izan zen andereño hurrengo kurtsoan, eta Nekane Arruabarrena hirugarrenean. 1981era arte segitu zuen Zaldibian ikastolak, harik eta jaularitzaren babespeko euskarazko herri eskola publikoa hasi arte.

    Ikastolaren sorreraren 50. urteurrena irailaren 17an ospatuko dute, Zaldibian. Bazkaria egingo dute ikastolaren partaide izan ziren guztiek: zaldibiarrak, herritik kanpo bizi diren zaldibiarrak, Gaintzakoak eta Abaltzisketakoak, han ibili baitziren horiek ere.

    «Azken urteetan, memoria historikoa guztiongana irisi da, eta gure iritziz badugu herrian zer errekonozitu eta aitortua arlo horretan ere. Sasoi hartan amets eta gaur errealitate duguna gogoratu eta jasotzeko unea da», azaldu du antolakuntza taldeak.

    Erakusketa bat ere jarri nahi dute, ikastolaren sorrerako oroitzapenak, argazkiak, lanak, liburu, ipuin eta jokoak bilduta.

    Ekimena zabaltzeko eta harremanetarako, Joxe Esteban Etxabe, Miren Etxabe eta Belen Irastortzarekin (belen@irakasle.net) hitz egin behar da.