• 02
    OTS
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Ibai Jimenezek (Zaldibia, 1997) Haatik dantza konpainiarekin emanaldia du gaur Viktoria Eugenian. Bilbon hasi zuen formakuntza, baina Madrilgo Danza 180º eskolan ari da orain.

    Ibai: Euskal dantzak etxean egotea bezala dira, faltan botatzen ditut.
    Ibai Jimenez zaldibitarrari GoierrikoHitzak egindako elkarrizketa

    ‘Hormek diote’ ikuskizuna eskainiko duzue ostiralean. Nola hasi zineten proiektu honekin?

    Ikuskizuna Donostia 2016 Kultur Hiriburutza proiektuaren barruan sortu zen. Hasiera batean, kultura alorreko hainbat atal elkartu ziren: pintura, musika, dantza…

    Donostiaren inguruko muralak egin ziren eta hiru koreograforen artean ikuskizuna sortu zen, Hormek diote izenarekin. Azkenik, antzokirako pausua eman zen, Hormek diote (On Stage) izena hartuz.

    Zeren inguruan da ikuskizuna?

    Gizartearen eta bizikidetzaren ingurukoa da. Egunerokotasunean entzuten ditugun gaiak lantzen dira bertan. Eraso sexistak dira tarteko, emigrazio ere lantzen dugu…

    Elkarbizitzan gertatzen diren zailtasun eta arazoez hausnartzen duen ikuskizuna da.

    Nola elkartzen zarete entseguetarako, dantzari bakoitza punta batean izanda?

    Orain arte bi egunetan elkartzen ginen, eta egun ere inguruan daudenak horrela gelditzen dira. Baina pare bat kanpoan gaudenez, ni Madrilen eta beste bat Bartzelonan, benduko oporrak baliatzen ditugu elkartzeko.

    Azken emanaldia Tolosako Leidorren izan genuen, eta orduan ere jai egun eta zubiak aprobetxatu genituen.

    Ikusleei zein dantza mota eskaintzen dizkiezue?

    Gehienbat dantza garaikidean oinarritzen da ikuskizuna. Baina Haatik dantza konpainiak beti ematen dio euskal dantza ukitu bat. Ondorioz, euskal dantzatik hartutako pausu batzuekin osatzen den modalitate garaikideko ikuskizuna dela esango nuke.

        «Zirrara berezia eragiten du Viktoria Eugenia
        bezalako areto batean dantza egiteak»

        «Inoiz ez da jakiten non amaituko duzun;
        gustatuz gero saiatu egin behar da»

    Donostiako Viktoria Eugenia Antzokian izango zarete.

    Zirrara berezia eragiten digu. Viktoria Eugenia bezalako izen handiko antzokietan izateko aukera gutxitan izaten dugu, oraindik behintzat.

    Iazko martxoan estreinatu zenuten antzokietako ikuskizuna. Aurrez beste lanik egin al duzue?

    Donostiako 2016 Kultur Hiriburutzarekin sortu zen proiektua, baina aurrez beste lan batzuk ere izan ditu Haatik konpainiak. Itsas lapurrak izan zen honen aurreko lana, eta hori baino lehen Ilargiaren malkoak egin zuten. Hainbat ikuskizun gauzatu dituzte hau baino lehen.

    Donostian da ostiraleko emankizuna baina zu Madrilen zaude, Danza 180º eskolan formazioa hartzen.

    Iaz Bilbon nengoen ikasten, Dantzerti eskolan, eta Madrilera etortzeko aukera eman zidaten. Orain Danza 180º eskolan nabil.

    Klase ezberdinak ditugu, baina bakoitzari jarraipen zehatza egin eta alderdiren bat indartu behar badugu, horretara bideratzen gaituzte. Formakuntza aldetik oso ondo dagoen eskola da eta gainera norberaren beharrak bereizten dituzte.

    Madrilen beste proiekturen bat ba al duzu esku-artean?

    Eskolatik sorkuntza txiki bat egiteko eskatu digute, eta gelakide batzuen artean zerbait egiteko asmoarekin gabiltza. Baina oraindik gauza asko ditugu finkatzeko, guztia airean dago.

    Noiz arte duzu asmoa Madrilen jarraitzeko?

    Pasa den udan erabaki nuen etortzea eta ez dut plangintzarik egin; ez zenbat urte egingo ditudan hemen, ezta urrunago mugitzeko asmorik dudan ere. Bidean sortzen denaren arabera erabakitzen joango naiz.

    Euskal dantzekin hasi zenuen ibilbidea Zaldibian. Oraingoa oso desberdina al da?

    Bai, guztiz desberdina da hemen egiten dudana. Madrilen euskal dantzak ez ditut lantzen, gehienbat dantza garaikideari bideratuta dago hemengoa. Teknika desberdinak erabiltzen ditugu, eta baita dantza klasikoa landu ere.

    Euskal dantzak faltan ematen al dituzu?

    Noski! Etxera itzultzea bezala da niretzat euskal dantzak praktikatzea. Euskal Herrira itzultzen naizenean beti saiatzen naiz klaseren bat edo beste jasotzen. Euskal dantzak nire etxea bezala dira eta gutxitan lantzean, faltan ematen ditut.

    Zure esperientziatik abiatuta, zer esango zenioke dantza ikasi nahi duen bati?

    Benetan gogoa izanez gero, dantzan jarraitzeko esango nioke. Inoiz ez da jakiten edozein bide hartuta non amaituko duzun, beraz aukera eta gogoa izanez gero saiatzeko esango nioke. Benetan gustatuz gero oso esperientzia polita da, eta bertan lan egitea lor dezakezu. Beti dago atzera pausua egitea edo beste bide bat hartzeko aukera.

Gaiak

banner ekarpena

Boletina

ZaldibiaTB

Estekak