• 16
    OTS
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Aitziber Garmendia: Emozioz blai itzultzen naiz Zaldibiatik beti
    Aktore zaldibitarra

    Zaldibian antzeztuko du Aitziber Garmendiak Etxeko saltsak obra. Antzezten hasi zen eszenatokira igoko da jaioterrian berriro. Komedia arina izango da bihar ostirala 22:30etan taularatuko dutena Zaldibiako herri antzokian.

    Etxeko saltsak obra duzue bihar Zaldibian. Nolako antzezlana da?

    Endredozko komedia bat da, nahiko arina eta entretenigarria. Ikusleek gehiago dakite, pertsonaiek beraiek baino, eta horrek beti sortzen du intriga sentsazioa. Publikoa horrekin lotzen da istoriora.

    Bi bikoteren bizipenak kontatzen ditu, bata gazteagoa eta bestea helduagoa. Egun batez gurasoengana joan behar dudala esaten diot nire bikoteari,baina hori egin beharrean, maitalearengana joaten naiz. Nahasten hor hasten da aria, gu alde batetik bestera gabiltzanean eta publikoak egia osoa dakienean.

    Aitor Fernandino, Mikel Laskurain eta Miren Gojenolarekin izango zara taula gainean.

    Aitor obra honekin ezagutu dut, baina gainontzekoak betidanik ezagutzen ditut. Antzerkiak xarma hori du, hainbeste ordu igarotzen ditugu elkarrekin, horrenbeste entsegu zein asteburu, azkenean familiako edozein baino hobe ezagutzen dugu elkar.

    Nolako taldea osatzen duzue? Umorezko obra hauek gauzatzeko armonia ona izan beharko duzue elkarrekin ez?

    Talde oso ganberroa gara. Esaterako, Laskorainek beti esaten dit ez naizela gehiago hazi “gaixtoa— naizelako. Birak oso politak izaten dira, barre asko egiten dugu elkarrekin. Giro horrekin komediaren inguruko lan bat burutzean beti egiten da errazagoa.

    Gure arteko harremana horrelakoa da. Orain bira bete betean sartuko gara Espainian zehar, eta non eta zer afaldu behar dugun pentsatzen ari gara jada. Harreman oso ona dugu.

    Berezia egingo duena ostiral honetakoa antzokia, Zaldibian izango baitzara.

    Bai, nik beti diot antzokirik zailena dela eta aldi berean ilusio gehien egiten didana. Urteak aurrera egin ahala gainditzen eta baretzen joango nintzela uste nuen, baina ez da hala gertatu. Oso urduri, eta aldi berean pozik jartzen naiz Zaldibiara itzultzean, haur txikiek izaten duten sentsazio hori izaten dut eta nolabait horren isla ere bada. Txikitan hasi bainintzen bertan, nire lehen taularatzea bertan izan zen eta itzultzen naizen bakoitzean emozio horiek berreskuratzen ditut.

    Nerbio puntu desberdin bat da, beste antzokietan sentitzen ez dudana. Kanpotik sarri aipatzen didate izana naizela Arriaga Antzokian, Madrilen Arte Ederrenean, Victoria Eugenian… Baina dudarik gabe urdurien Zaldibian jartzen naiz.

    Emozio ugari, eta oroitzapen ugari ere bai ez?

    Bai, nola hasi nintzeneko oroitzapenak ekartzen dizkit gogora. Herritarrek gaztetatik ikusi izanak, orduko grinak eta ametsak etortzen zaizkit gogora. Gainera beti diot publikorik onena beraiek direla, zaldibiarrak. Izugarrizko ilusioa egiten du itzuli eta herrikoak horrelako jarraipena egiten dizutela ikusteak. Zaldibiara natorren bakoitzean, emozioz blai itzultzen naiz.

    Gertu sentitzen al dituzu?

    Bai, eta askotan ez duzu espero. Ni aspaldi etorri nintzen Donostiara bizitzera, izango dira jada 10 bat urte. Zaldibiara nahi baina gutxiago azaltzen naiz eta zure lana baloratzen eta jarraitzen dutela ikustea zoragarria da.

    Donostiako aste nagusian estreinatu zen obra. Ze ibilbide izan du obrak?

    Donostian hasi ginen udan, eta antzerkirako uda nahiko denboraldi makala izaten denez, udazkenean ekin genion berriro. Euskal Herriko plaza eta antzoki desberdinetan hasi ginen, lehenengo Gipuzkoatik abiatu ginen baina Bizkaiko eszenatoki ugari ere pasa ditugu jada. Orain batzuk Euskal Herri mailan baditugu, baina Espainia mailan ere hasi gara obra antzezten erdarazko bertsioarekin.

    Oso desberdina egiten al zaizu gaztelaniazko bertsioa?

    Bai, ez luke hizkuntza aldaketak eragin handirik izan behar baina niri dagokidanean asko aldatzen zait. Ama hizkuntzan antzezten duzunean beste era bateko pertsonaia sortzen duzu, niri euskaraz askoz ere errazagoa egiten zait.

    Gaztelaniaz beti mugitzen zara beste erritmo eta hizkuntza batean. Badakizu hizkuntza horretan mugitzen, baina eszenatoki gainean hizkuntza da duzun erreminta garrantzitsuena. Horrek baliabideak mugatzen dizkizu, izan testua ahaztu zaizulako edo inprobisatu egin behar duzulako. Euskaraz segundo batean bururatzen zait edozer, irtenbide pila bat ditudalako, gaztelaniaz ez horrenbeste.

    Obra honez gain, beste mila proiektutan zaude sartuta.

    Zorionez! Eta salbuespen bakarretakoa izango naiz gainera. Ni ere urte eta erdi inguru egon nintzen langabezian eta gaizki pasatzen duzu. Polita den bezala, gogorra bada. Oraingoa bezalako bolada batek harrapatzen zaituenean hartu egin behar duzu. Nik orain ditudan hiru obrekin eta estreinatzeko ditudan beste biez gain, telebista eta zinema ditut. Baina esan bezala, boladak dira hauek eta indarra hartu eta lan egin behar duzu. Lanik ez duzunerako babes bat izan dezazun. Eta ulertu gainera bizi guztia izango dela horrela.

    Zuk umorezko pertsonaiak egiten dituzu gehienbat. Identifikatuta sentitzen zarelako agian?

    Bai, nik errazago egiten dut umorea. Egia da, draman ere gustura aritzen naizela eta beti eduki dramatikoago baterako lanetik deitu didatenean poza hartzen dut, ez didatelako betiko lanetarako deitzen. Baina errazen komedia ateratzen zait.

    Besteei barre eginarazte hori erraza ez da izango ordea.

    Nik beti esan dut eta uste dut beti errepikatuko dudan zerbait izango dela. Komedia gutxietsita dagoen zerbait da, komedia ona egitea oso zaila delako. Jendeari barre eginaraztea oso zaila da, umorea oso gauza pertsonala delako. Sentimendu eta drama zerbait unibertsalagoa da, denoi ukitzen digulako heriotzak tristura puntu hori. Umorea askoz ere pertsonalagoa da, norberak bere umore mota du eta jendeari barrea sorraraztea ez da erraza.

    Zinema, telebista, antzerkia… zertan desberdintzen dira?

    Denetan desberdinena antzerkia dela esango nuke, baina jende askok esperotakoaren kontra esan behar dut, telebista eta zinemaren artean ere antzekotasun gutxi daudela. Zineak beste erritmo eta hizkuntza bat ditu, askoz ere lasaiagoa eta perfektuagoa nolabait esateko. Telebista berriz, bata bestearen atzetik dator, etenik gabe.

    Berdintasunik ba al dute elkarren artean?

    Fikzioa egitean dira antzekoak, alegia pertsonaia bat gorpuzten edo bizitzen ari zarela. Zu pertsonaia batean bihurtzen zara antzoki batean zein telebista edo zinema kameren aurrean. Nik, nire kasuan behintzat, pertsonaia bat hartzen dudanean denbora guztian horren inguruan nabil. Pentsatuz ea nola sortu eta ze ukitu eman.

    Bakarren bat aukeratzekotan, zein aukeratuko zenuke?

    Niri adrenalina gehien sortzen didana antzerkia da. Bertan hasi nintzen eta nire hastapenak bertan izan nituenez, posible da gehiago erakartzea horrek. Zinea ere gehiago egingo nuke, magia daukalako. Telebistan berriz ohituago nago, eta ondorioz erosoago ere bai. Gainera bizimodua aurrera ateratzeko bide oso polita da. Ez nuke bat aukeratzen jakingo, baina gehien gozatzen dudana antzerkia dela esango nuke.

    GoierrikoHitza eta GoiBerritik hartutako informazioa

Gaiak

ZAPP aurkezpena
banner ekarpena

Boletina

ZaldibiaTB

Estekak