• 15
    MAR
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Aurten botako da kultur etxe zaharra Udaletxea han egiteko

    Artxanberri kaleko lokaletara ekainean egin nahi du zerbitzuen lekualdaketa udalak. 2018rako 1,7 milioi euroko aurrekontua onartu du. Udaletxe berria da asmo mardulena, aurkezpena gaur 19etan.

    Goierrikohitza

    Zaldibian udaletxe berria eraikitzeko aspaldiko ideia aurten hasiko da egikaritzen. Urte erabakigarria izango da proiektuarentzat 2018a. Hausnarketa, ideia lehiaketa eta diseinu lanak eginda, herriko etxearen eraikin berria altxatuko den orubea aurten prestatuko dute: kultur etxe zaharra eraitsiko dute, uda ondoren, haren tokia hartuko baitu.

    Onartu berri den 2018ko udal aurrekontuan, bestetik, udaletxe berria altxatzen hasteko lehen diru saila sartu dute: 104.000 euro. Eraisketa lanak iazko aurrekontutik egingo dira.

    Udaletxe berriak guztira 1,5 milioi euroko aurrekontua izango du: 1.250.000 euro eraikitzeko, eta 250.000 hornitzeko. Kutxari mailegua eskatuko dio udalak; finatzazio bidea jada «bideratuta» dauka, Joxan Etxabe alkateak aurreratu duenez.

    Artxanberrin obretan

    Kultur etxe zaharra bota aurretik, han ematen diren zerbitzuak Artxanberri kaleko udal lokaletara aldatuko dituzte. Bi solairu egokitzen ari dira. Obra lanak azaroan eman zituen udalak, eta urtarrilean hasi ziren. Maiatz bukaerarako bukatu, eta lekualdaketa ekainean egitea da asmoa, udarako erabilgarri jartzeko.

    Artxanberrin, beheko solairuan musika eskolaren aretoa, erabilera anitzeko gela (dantza edo aerobika egiteko), bi gela eta posta zerbitzuko baserrietako postontziak jarriko dituzte. Goian, sei bilera gela (bat handia) eta bi biltegi.

    Aurrekontua, onartuta

    Lehengo astean egin zuen Zaldibiako Udalbatzak 2018ko udal aurrekontua onartzeko batzarra. EH Bilduren aldeko botoarekin atera dira aurrera; Zaldibian Herrigintzanek aurka bozkatu du.

    Guztira, 1.776.401,64 euro izango ditu udalak aurtengo. Nolako Zaldibia nahi duzu? hausnarketa prozesuan zehaztutako lehentasunak betetzen ari direla esan du alkateak: «Orain lehentasuna udaletxe berriak du. Gaur egun zorpetze maila 0 du udalak».

    INBERTSIOAK
    · Baserri bideak: Urtsugoena eta Gurutzeta: 25.917,62 euro
    · Hondakin kudeaketa: 25.950 euro.
    · Gure Ametsako terraza iragazgaiztea. 26.500 euro.
    · Hiri altzariak eta bi autobus markesina. 11.000 euro.
    · Baso sailaren erosketa: Elizbaso. 6.700 euro.
    · Desfibriladorea: 3.000 euro.
    · Antzokirako soinu mahai berria: 1.570 euro.

    Udaletxe berriaren proiektua

    Gaur, udaletxe berriaren proiektua aurkeztuko dute, ideia lehiaketa irabazi zuten bi arkitektoek eta aparejadore batek. Barne banaketan egin diren aldaketak ere ikusi ahalko dira. Lau azalpen emate egingo dituzte, Herri Antzokian: 11:30ean, 15:00etan, 17:00etan eta 19:00etan.