• 24
    MAR
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Koldo Zubeldia: Harriaren tasunak
    Koldo Zubeldia zaldibitarra

    Koldo Zubeldia poeta zaldibiarrak 'Harriaren tasunak' liburua argitaratu du. 13 urtean zortzigarren argitalpena du. Amets zapuztuen gaziaz, ezinen gogorraz eta gatazken minaz dihardu. Hemen duzue GoierrikoHitzak egindako elkarrizketa.

    Denboraren uhaletik ihes egindakoa dirudi Koldo Zubeldia poetak. Komunismoaz dihardu, 2018an. Argitaletxeen giltzarrapo komertzialetatik urrun, autoekoizpenaren bidetik liburuak ateratzen segitzen du. Eta poesiaz. «Herria, harria eta aberria» oraindik gora litezkeela sinistuta, temati segitzen dio. Denborari berari ihes egiten dio, literalki; gauean berandu jaikitzeko ohitura ez du galdu: goizeko ordubietan uzten du ohea, «ametsen esnaurrean», eta 17:00etan oheratzen da. Goiz-txoria naiz.

    Anakronismoan erortzetik urrun, langintza literarioan segitzen du. Aurreko astean atera zuen labetik Harriaren tasuna poesia-liburu berria. Zortzigarrena du, azken 13 urtean. 130 olerki txertatu ditu; motzak denak, lerro gutxikoak. Luzeenak orrialdea betetzen du, doi.

    Zalantzan egon da liburua argitaratu ala ez. 70 ale atera ditu, eta eskuz esku saldu nahi ditu (10 euroan). «Pertsona bakartia naiz. Gaixotasun mental bat daukadalako eta isolatuta na- goelako, asko sufritzen dut. Sentibera izateak dakar sufrimentua. Baina drama ez da deseraikitzailea izan behar. Egiten den apurra, idazteko eta sortzeko, maitasunarekin egina baizik».

    Zaldibiako euskara darabil olerkietarako, modu jasoan izan arren. «Zaldibiakoa naiz, eta bertako euskalkia maite dut. Zaldibiako kutsua ematen diet idazlanei. Baserriko gauzak, lekuizenak, herriko gaiak interesatzen zaizkit. Zaharrekin geroz eta gehiago ikasten ari naiz; gazteekin, ez hainbeste».

    Barne sentimenduen eztanda da, Zubeldiarentzat, idaztea. Kezkak, beldurrak eta irudipenak jaulki ditu Harriaren tasunak lan berrian ere. «Poesia idaztea ez da torniloak egitea bezala. Maitasuna ez da dendan erosiko behin ere», idatzi du liburuko azken poeman. «Ze indolenteak zareten poeten bihotzarekin. Zein isolatuta gelditu garen poetok», deitoratu du aurrerago.

    Atzeragoardian, aiduru

    Euskararen etorkizunean fede gutxi mantentzen du Zubeldiak, Santa Fe eliza ondoko Elizalde jaiotetxean. «Makal ikusten dut. Dezepzioa eragiten dit, guk asko borrokatu dugulako. Nazionalismo etno-linguistikoaren aldekoa naiz. Herriaren borrokan sinisten dut; Atzeragoardian nago, baina dena ikusten dut».

    Politikan eta soziologian ere esperantzarik ez zaio geratzen. «Eskuindarrak dira nagusi Europa guztian. Mugimendu komunistakoa nintzen duela 42 urte. Neurri batean komunista izaten jarraitzen dut, frente sozialean: baztertuekin, euskaltzaleekin, feministekin nago. Ez harroekin, ez agintariekin. Dena hankaz gora joan da».

    Poetak, behinola injustizien eta utopien ahots zenak, gaur egun «behar adinako» kontsideraziorik ez daukala uste du. «Gutxietsiak gara, pixka bat. Ez gara zoroak, ezta alferrak ere. Buruari buelta asko ematen dizkiot poesiak ontzeko». Eta harriei lustrea ateratzen jarraitzen du.

    GoierrikoHitzatik hartua

Gaiak

banner ekarpena

Boletina

ZaldibiaTB

Estekak