• 29
    API
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Arrese, jatetxe historiko bati agur
    GoierrikoHitzatik hartutako argazkiak

    Igandean itxiko dute Zaldibiako Arrese taberna-jatetxea. 90 bat urteko historia du, Migel Mari Arresek ireki zuenetik. Goierrin ospe handiko oturuntza-jatetxea izana da. Baita batzokia ere. GoierrikoHitza

    Audioa, helbide honetatik ekarria: http://www.zaldibia.org/fitxategiak/erab_26/4668.mp3

    Tabernek, jendea elkartzeko eta erkatzeko toki diren neurrian, sentimendu-biltegi izaten bukatzen dute. Hamaika pasadizo, elkarrizketa, ideia-parrastada, haserre, ametsen jaioleku eta helmuga dira; funtzio sozial ukaezineko gune, jan-edanak gozatuta beti. Horietako bat Zaldibiako Arrese taberna-jatetxea da. Bukatzera doa zaldibiarren bilgune estimatuetako bat: igandean itxiko dute.

    Erretiro adinera inguratu direla eta, lanari utziko diote tabernako bi anaia arduradunek, Zelestino eta Santi Arresek. Kontxi eta Pili emazteekin batera gobernatzen dute, aste eta jai, gau eta egun. Hirugarren belaunaldikoak dira. Haien aitona Migel Mari Arresek jarri zuen taberna, Txamarretxe auzoaren sarreran, garai bateko errepidearen ertzean.

    «Familiakoa izan da beti taberna. Gure aitonak zenak orain 80 edo 90 urte hartu zuen. 2.500 pezeta ordaindu zuela esaten zuten aurrekoek. Aitona arotza zen, sega kirtenak egiten zituen, abarkak ere bai. Orduan, taberna baino gehiago, denetatik saltzeko denda-taberna zen, ultramarino estilokoa. Pentsua ere saltzen zuen», gogoratu du Zelestino Arresek. Aitonaren gomutan, Migelmariñe ere esaten diote zaldibiarrek tabernari, oraindik.

    Errepublika garaian, Zaldibiako batzoki bat Arreserenean jarri zuten. Bi batzoki baitzeuden: bat Joan Kruzenean (gaur egun Joxepane), eta Arreserenean, goiko solairuko balkoidun gelan. Dantza taldeak zituzten bietan, eta Joxe Arresek prestatzen zituen Arreseneko taldeko dantzariak.

    «Gure etxean abertzaleak izan ziren, beti. Osaba, amona… denak kartzelan egonak ziren. Amona hemen zegoela, gerra garaian, baten bat etorri eta komentarioren bat egin izango zion, herriko halako ere frentean hil zela edo. Hori esateagatik kartzelan sartu zuten». Gerra piztu zenean, tentsio uneak ere izan ziren: jeltzaleak batzokian sartuta, eta kanpoan eskupetekin kontrako herritarrak, zain.

    Urrezko aroa 1960an

    Migel Mari aitonaren denetariko taberna izatetik, ospe sonatuko jatetxe izatera igaro zen Arrese, bigarren belaunaldiarekin. Joxe Mari semea geratu zen etxerako, eta Kontsuelo Otamendirekin ezkondutakoan piztu zen jatetxea. «Gure ama abaltzisketarra zen, hango Ostatuan jaioa. Mugimendu gehiago jarri nahi zuen jatetxean, gustatu egiten zitzaion eta».

    Industria indartu zen garai hartan —Bilore 1962an etorri zen Zaldibiara—, eta langileek dirua ikusi ahala, mugimendua hasi zen. «Lanerako urte oso onak izan ziren. Orain adinako konpetentziarik ere ez zen: inguruotan geunden hemen gu, Ordizian Martinez, eta Olaberrian Castillo. Beste jatetxerik ez zen».

    Bataio, jaunartze, familia bazkari eta oturuntza oparoak asko eman zituzten. Erreka gaineko terrazan zeukaten jantoki handia; bota egin zuten eranskin hura duela urte batzuk, lege hidrografikoengatik. Larraitzerako bidea aurretik igarotzen zenez, mendizale eta igande pasa zebilen asko geratzen ziren.

    «Niri taberna asko gustatu izan zait. Baina azkenerako nekatu egiten zara, lotua da. Lan hau polita da kontrolatzen duzunean; gain hartzen dizunean, gaixotu egiten zara», dio Zelesek.

    Erreleborik ez dute segitzeko, eta salgai ipini dute. Erabat itxiko dute taberna, igandean. Eguerdi partean Xapre eta Izaro trikitilariak ariko dira. Arreseri agur esateko azken aukera da, hango kalamare mitikoak janez.

    GoierrikoHItzatik hartua

    • Audioa, helbide honetatik ekarria: Arreseneko agurra.mp3

    • Goierriko Hitzatik hartutako argazkiak
    • Goierriko Hitzatik hartutako argazkiak

Gaiak

banner ekarpena

Boletina

ZaldibiaTB

Estekak