• 06
    URR
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Zapiak Bat elkarteak antolatuta emakumeak eta nekazal munduko lanak kalera gerturatzeko helburuarekin erakustaldi berezia egin asmo dute plazan urriaren 6an Santa Fe egunez. Hemen duzue ekimenaren inguruko informazioa.

    Intxaurrak emelau erakustaldia
    Zapiak Bat elkarteak antolatu du erakustaldi berezi bau.

    HELBURUAK

    Erakustaldi honen helburua emakumeak eta nekazal munduko lanak kalera gerturatzea da, batik bat emakumeen gain egon izan diren eginkizunak eta ohizko erakustaldietan erakusten ez direnak: artoa aletzea, esne partitzea…

    Belaunaldien arteko transmisioa da beste helburuetako bat. Gizartea bezala festak ere segmentatuta antolatzen dira: hau umeentzako, hau gazteentzako, hau adinekoentzako… Horrekin hautsi eta belaunaldi desberdinak elkarrekin “jolasean” jarriko ditugu, transmisioa garrantzitsua bezain polita dela konturatu arazteko.

    Azkenik, nola festetan nahiz festetatik kanpo, lehia eta indarra protagonista duten erakustaldiak nagusitzen diren iritzia dugu. Plazan erakusten denak eredu izan behar duelakoan, eta bestela ere, lehiaren esparrua nahiko aseta dagoelakoan, norgehiagoka alde batera utziz, elkarrekin neurtu beharrik gabeko festa planteatzen dugu.

    ERAKUSTALDIAREN NONDIK NORAKOA

    8 bikotek hartuko dute parte. Bikotean bat behintzat emakumezkoa izan behar da, eta bestalde, belaunaldi desberdinetako jendea bilatu da. Hauek dira bikoteak:

    - Zaldibarrengo Esti Berasain eta Beñat Garmendia (ama-semeak)
    - Loinatzko Eider Garmendia eta Jon Mikel Ruano (lagunak)
    - Josune Lopetegi eta Maria Cuadrado (ama-alabak)
    - Aiestaran Goenako Maria Dolores eta Jon Luloaga (ama-semeak)
    - Nekane Sukia eta Argine Irizar (amaginarreba eta erraina)
    - Ibargungo Maixa Etxeberria eta Arreko Miren Intxausti (lagunak)
    - Arruarteko Aloña Jauregi eta Irular Eskisabel (ama-semeak)
    - Zubiaurreko Aitor Iraeta eta Itziar Iraeta

    Egin beharreko lanak:

    - Artoa aletu
    - Intxaurrak bildu (oskolen eran jarrita egongo dira)
    - Arropa zabaldu (ez dago modu jakin bat, bakoitzak bere erara…)
    - Marmita hartuta plazari bira eman
    - Oihal zirrindarak egin
    - Sagarrak amantalarekin bildu eta saskietara eraman
    - Arropa jaso
    - Aurrez egindako zirrindarak erabiliz, ojaledun oihal haundiak elkarrekin “josi” bertsoa osatuz. Bertso hau Maialen Lujanbiok okasiorako prestatua da, iaz Zaldibian egin zen Udazkeneko I. Zapi Janztean zapia jantzi zuenak, alegia (historiako lehen Zapidunak, beraz).

    Doinua: “Haizea dator iparraldetik”

    Ez du jakingo kaletarrak ta
    ez daki andre ez denak
    esku-ahurretan markak zer diren
    marmita esnez-beteenak.
    Intxaurrak bildu, arropak jaso,
    eurenak eta besteenak;
    oihal zirrindak bezala josi
    belaunaldi erretenak…
    Inon aipatzen ez diren lanak
    baserritar andreenak,
    amantalaren arrastoetan
    irakur daitezke denak.


    - Azkenik, Aloña Jauregi gidari dela, denon artean Maialen Lujanbioren bertsoa kantatuko dugu eta bukatutakoan Udaletxeko balkoitik zintzilikatuko da festetan zehar ikusgai egon dadin.

    OHARRAK:

    - Ekitaldiak irauten duen bitartean Otseitzako sagar zukua eta Larrarteko sagardoa egongo da mahai batean jarrita, parte hartzaileek, deskantsuan dauden bitartean edo, eztarria freskatu dezaten).

    - Ekitaldia ikustera bertaratzen direnen artean poltsa pasatuko da borondatea eskatuz, gastuei aurre egin ahal izateko.