• 05
    ABE
    2018
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en
    Kimu gazteen mintegia ireki dute
    Goierriko Hitzatik hartua

    Zaldibian inauguratu dute Kimuene kulturgunea, Artxanberri kalean udalak dituen lokaletan. Bi solairutan, areto bat, zazpi gela eta bi biltegi ditu, herriko taldeen jardueren zerbitzurako. 

    Kultur etxe zaharra bota ondoren, Zaldibiako herriak badu kulturarako eta hezkuntzarako jarduerak burutzeko leku berria: Kimuene kulturgunea. Artxanberri kaleko 1 eta 2 zenbakietan egokitu du udalak. Asmoa irailean zabaltzea zen arren, obren bukaerak atzeratu du irekiera. Herenegun, Euskararen Egunarekin bat eginez, inauguratu zuten, herritarrek barrutik ikusiz.

    Bi solairutan banatuta dago kulturgunea. Zuhaitz izenak dituzte gelek: behean Pagoa (aretoa), Hurritza, Lizarra (biltegia); eta goian Urkia, Hagina, Elorri, Mizpira, Gorosti eta Haritza gelak, eta Sahatsa biltegia. Zazpi gela, areto bat eta bi biltegi ditu.

    Herriko zerbitzu eta jardueren eskaintza berrantolatzeko prozesua 2014an hasi zuen udalak. Kimuenek, guztira, 260.000 euroko inbertsioa eskatu du. Horietatik 150.000 euro diru laguntza publikoetatik lortuta finantzatu ditu Zaldibiako Udalak.

    Sinergia berriak sortzeko

    Funtzio ugaritarako pentsatu dute kulturgunearen banaketa eta erabilera. Joxan Etxabe alkateak eta Eztitxu Mujika zinegotziak eman zituzten gune berriaren azalpenak herenegun, jendearentzat ireki aurretik. «Al- tzariak mugi litezkeenak jarri ditugu, ekintza ezberdinetara egokitzeko moduan. Urtez urte aldatu egiten dira jarduerak ere. Kimuak sortzea nahi dugu, eta euren artean nahasketak edo gurutzaketak izatea: dantza bertsoekin, musika beste ekimen batekin… Proiektu berriak sortzeko bidea da», esan du Mujikak.

    Azaroaren hasieran eraitsitako kultur etxe zaharrean ematen ziren zerbitzuak aldatu dituzte Kimuenera. Iztueta dantza taldea, bertso eskola, musika eskola, xake taldea edo Beti-Gazte elkartea izango dira erabiltzaile. Gurasoak eta haurrak arratsaldeetan egoteko gunea ere bada.

    Udaletxearen eraikuntzaz

    Udal eraikin eta espazioen berrantolaketako zati denez, Etxabe alkateak udaletxe berriaren eraikuntza prozesuari egin dio erreferentzia. Kultur etxe zaharraren orubean altxatuko dute herriko etxe berria. Ostiralean amaitu zen eraikitzaileek eskaintzak aurkezteko epea, baina ez da inor aurkeztu. Prozedura negoziatua hasiko dute orain.

    Goierriko Hitzatik hartua