• 29
    API
    2019
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Zortziak aldera atera dituzte Patxi Iraola zenaren errautsak eliz atarira, bere senide lagun eta bertsolari ezagunen aurretik. Kanpoaldean ikurrin eta argazkiz goxaturiko mahai batek jaso ditu Patxiren errautsak.

     

    Uztearekin batera,  herriko txistularien soinua hedatu da plazan zehar. txistularien ostean dantzariek agurra dantzatu diote herriko bertsolari handiari. Segidan etorkizuneko bertsolari gazteen txanda izan da, hauek garbi utzi nahi izan dute bertsoak etorkizuna izango duela Zaldibin. atzetik bertsolari ezagunek hartu dute mikroa banan banan Patxiri kantatzeko.

     

    Patxi berak  Nikolas herriko gudariari egindako kantua abestu dute Daniel eta “Xetok”. Amaitzeko Saroik hartu du hitza Altzok egindako testu bat irakurriz. txoriak txori abestuz malko hartean amaitu da ekitaldia.

    Herriak goxo agurtu du Patxi

    Patxi Iraolari azken agurra

    Patxi Iraola, bertsoa beti debalde zeukana

    Joan zaigu Patxi Iraola. Langile harrigarria. Txirritagatik esaten dute bertsotan zela langilea. Gurea, berriz, baserrian, fabrikan eta bertsotan denetan zen langile. Baina honako itzali da haren argia, espero badugu ere den tokian argi egitea.

    Ondo gogoan dut haren lehenengo erretratua: bi mutil koxkor, Rufino eta Sebastian belaun banatan eserita, haiei kantuan, bertsotan, ganaduen haska aurreko eskaileretan. Ondo gogoan dut, halaber, haren fisonomia, gaztea zelarik. Iharra zen, eguzkiak eta segak izerdia janda. Besoak eta lepo ingurua, borobilean, beltzaranak, elastiko hutsetan jarduten zuelako gurdia kargatzen eta belar-metak egiten. Ile singlea zuen, baina aski ugaria. Hala eta guztiz, orduan ere, bakandutakoan bezalaxe, txapela erabiltzen zuen buruan. Hala zen usadioa. Zilborrean mehe, beti. Uhalezko gerrikoaren herena soberan. Hori igandeetan. Astegunean, mahonezko galtza urdinak janzten zituen, trapuzko gerriko beltzez ondo estuturik, titiko haurra faxaz lotzen zen eran. Erretzailea. Batera botatzen zuen kea, ahotik eta sudurretik. Estatura normala: 1,75 m.

    Izaera lasaia, berez. Haserretzen zenean, urtxintxa-begiak. Indarra erruz eta segari ona. Tratu errazekoa, normalean. Muslari txarra. Euskarazko liburu zaharren adiskidea. Idiak eta uztar-behiak hezten esku onekoa. Itaurreko beharrik gabe lurrak konpontzen ganaduekin problemarik ez. Alaibaina baserrian ez zuen zorterik izan, maiorazkoa bazen ere. Titulu eta medailarik gabeko mendizalea. Lagunartekoa, baina edozeinen lagun ez. Gauzak esaten eta isiltzen dakiena. Inork esaten al du dena?

    Ipuin, pasadizo eta bertso zahar asko zekizkien. Batzuetan bertsopaperak ferian erosten zituen, igande-bazkalondoan, familia osoaren aurrean, ozen, kantatzeko. Jentilen ipuinak, sarritan, edo Fernando Amezketarrarenak. Ziur nago Txanogorritxo ez zuela ezagutzen. Pasadizoak: aitonarenak, asko eta asko. Bertso zaharrak: Xenpelarrenak eta, batez ere, P.M. Otañorenak. Hamar laguneko audientzia ziurtatua zeukan igandero.

    Trenak egiten jardun zuen denbora luzean. Hobeto esan, trenak egiten ziren fabrikan, hainbat lan mota diferentetan (baserrian ez zuen suerterik izan). Ezagutu zutenek eta lankide izan zirenek esaten dutenez, lagun ona, ‘tarea’ azkar egiteko. Handik kanpora, bertsoa eta lagunartea izan ditu gogoko. Horretan enplegatu du bizitzaren parterik handiena. Horretan suertea izan du baserriko lana uztearekin.

    Bere erara fededuna zen, eta poztu egiten zen Arantzutik sermoia aditzean. Abertzalea, baina hori baino gehiago euskaltzalea, bertsozale suharra, eta bertsolari moduan aski ona. Beste asko bezalaxe, tortuaren gogorra probatua, bertsolari hutsa izateagatik, 1975eko azaroaren 21ean detenitu zuten, Tolo9san egon zen: paradoxikoki, Franco hil eta hurrengo egunean. Oraindik ez da denbora asko esan zidala “ook, moteil, Franco baino okerragoak dituk”. Pentsa dezakegu zeinengatik. Ez dakit botoa emateko asmorik zuen, baina badakit nori ez ziokeen emango.

    Dezente denbora da, begira egon nintzaion, ilobak autoan kalera eraman zuen arte, lagunekin elkartzera. Etxeko atarian zegoen eserita, jertse lodi batez babestua, Nañarriri begira, Etxaburuko belarrei kasurik egin gabe. Txapela buruan, zintzo eta leial usadioarekiko, eta buru soila babesteko. Makuluak esku banatan, ‘anparoak behartuta’, Artxanberriren bertsoan bezala. Janak eta edanak kalte egindako itxurarik ez. Hori bai, lehen ‘indarrrera’ joaten zitzaion jana, orain ‘egonera’. Urteak bizkarrean, urtean hanketan, urteak… Eta urteak nahi, egun bakoitza eternitate osoa bezala bizitzen laguntzen dutelako. Atzo aldatu zen bizitokiz.

    Rufino Iraola anaiak eta 'Naizen apurra' liburuaren egileak sarean argitarautako testua.

Gaiak

banner ekarpena
2019ko M8 Greba Feminista Zaldibian

Boletina

ZaldibiaTB

Estekak