• 15
    OTS
    2012
    Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-en

    Pentsatutako garairako irekitzeko moduan izango da atzera Zaldibiako Beti Gazte jubilatu elkartearen egoitza, udaletxepean. Berrikuntza-lanak otsailaren bukaerarako amaituko dituzten esperoan da udala, martxoan irekitzeko. Sukaldea bukatzea, azkeneko ukituak ematea, elektrizitate sareko lanak eta margoketa egitea falta da. hitza

    Urtarrilaren lehenetik elkartzeko lokalik gabe daude erretiratuak, eta herriko beste taberna batzuetan egoten dira arratsaldeetan. Beti Gazteko lokala birmoldatuta aurkituko dute itzultzen direnean. Batetik, egongela orokorrean espazioa zabaldu dute, lehengo hormak botata. Bestetik, bileretarako edo bestelako kontsultetarako bulegoa atera dute, aretoaren eskuin aldeko ertzean. Batzar gela erosoa atondu dute.
    Sukaldea guztiz berritu dute, eta etxe-tresna elektrikoak aldatuko dituzte. Haren alboan, lehen bilera-gela zen txokoa biltegitarako izango da.

    Bi komunak guztiz berriak jarri dituzte, tabernako barratik aurrealdera. Irisgarritasun arauek eskatutako baldintzak dituzte komunek; ezinduentzat aulkiarekin ibiltzeko adina leku irabazteko, lokalari metro erdi inguru kendu behar izan diote, komun bat hazteko. Ile-apaindegia bere horretan utziko dute.
    Obrak udalak finantzatuko ditu osorik, lokala udalaren jabetzakoa baita. 50.000 euro inguruko inbertsioa egingo du. Aurrekontua gehiegi ez handitzen eta aldaketa oso sakonak ez egiten saiatu direla esan du Jon Mikel Ruano zinegotziak, «udal eraikinarekin etorkizunean zer gertatuko den ez dakigulako oraindik». Beti Gazte elkartea udaletxearen behealdean dago.

    Tabernaria hartzeko asmoa

    Lokala Beti Gazte jubilatu elkarteak kudeatuko du aurrerantzean ere, udalarekin daukan hitzarmenaren arabera. Orain esku artean duten zereginetako bat tabernaria aukeratzearena da, eguneroko zerbitzua emango duen kontratazioaren deialdia egina baitu udalak. Otsailaren 20an bukatuko da izena emateko epea.

    ARGAZKI GALERIA argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

    Taberna-zerbitzuaren martxaren egokitasuna bermatzeko, jubilatu elkarteak batzorde berezia sortuko du. Udal ordezkari batek ere parte hartuko du taldean. Irekiera ekitaldia martxoan egiteko asmoa agertu du udalak, oraindik egun zehatzik aipatu ez den arren. Urteurren borobila beteko du, hain justu, Beti Gaztek datorren hilean. Elkartea eratu zutela 30 urte martxoaren 23an izango dira. 1982an sortu zuten, eta bi urte geroago, 1984an, jarri zuten taberna.

    Hogeita hamar urteren ondoren berritzeko garaian da lokal. Zuzendaritza berria gidari dela, aurki izango dute zaldibiar jubilatuek zukua ateratzeko aukera.

    ‘zaldibia.org’ webgunea

    Herriko eragileen eta elkarteen —tartean jubilatuena— Interneteko bilgune izango den zaldibia.org webgunea aste gutxi barru aurkeztuko duela aurreratu du udalak. Talde bakoitzak elikatuko du informazioz, nork bere arloko jakingarriekin, oharrekin eta ekitaldiekin. Ez da udal webgune ofiziala izango, atari ugariren bateratzailea baizik.

    Kutxabank, azpiegitura handiak eta haur lapurtuen afera landu ditu udalak, mozioz

    Zaldibiako Udalbatzak azkena egin zuen batzarrean, urtarrilaren 24an, lau gai landu zituen, horietatik hiru mozioak. Goierriko AHT Gelditu Elkarlanak aurkeztuta, Gipuzkoan azpiegitura-lan handiak geldiarazteko eskaerarekin bat egin du udalak, Bilduren aldeko eta Zaldibian Herrigintzanen aurkako botoekin. Alkatetzak Kutxabanken inguruan sartutako mozioak ere banaketa bera izan zuen bozketan; banketxearen administrazio kontseilua «bi indar politikoren artean bakarrik» osatzearen aurka egin du udalak, besteak beste.
    Kutxaren aginte-organuetan Gipuzkoako beste 11 herrirekin —tartean Ataun eta Ordizia, Goierrikoak— ordezkaritza taldea eratzeko erabakia ere hartu du Udalbatzak. Azkenik, haur jaioberri lapurtuen auzian, laguntza-eskaera aintzat hartzeko eta lankidetza eskaintzeko adierazpena aho batez onartu zen.